Herrikide eta finalkide
Winter Series hasitako hiru gernikarrak finalean egongo dira, domekan. Xabi Barandika, Unai Lekerika eta ibilbidea etxeko txapelketan amaituko duen Diego Beaskoetxea prest daude.
Jai Alai Winter Series zesta-punta txapelketaren bigarren ekitaldiak markak apurtu ditu. Urriko Azken Astelehenean abiatu zenez geroztik, Gernika-Lumoko Jai Alai katedrala ikuslez lepo agertu da neguko astelehenetako hitzordu bakoitzean. Horren arrazoi nagusienetako bat etxeko puntistak lehia betean ikustea izan da. Lehen jardunaldian iritsi zitzaien lehen borroka: Xabi Barandikak eta Unai Lekerikak iazko txapeldun Aritz Erkiaga eta Jon Bullet Zabala eduki zituen aurrez aurre.
Horregaz batera, egundoko ikusmira sortu da hasieratik Jai Alai etxeko beste puntistaren, Diego Beaskoetxea beteranoaren azken txapelketa izango dela jakinda. 1997an debuta egin zuen leku berean egingo du bere agurra Beaskoetxeak: Jai Alain. Gainera, iritzi publikoaren ustez egungo atzelaririk onena dena edukiko du alboan: Imanol Lopez zumaiarra. Azken borroka horrek, beraz, osagai guztiak dauzka zirraragarria eta karga sinboliko izugarriduna izateko.
Finalaren ataritan, hiru puntista gernika-lumotarretako bat ere ez da urduri ageri, eta hirurek antzerakoa diote: “Presio barik jokatzea, ahal bezainbeste gozatuz, eta etxekoen berotasuna sentitzea”. Azken txapelketa handia izanik, Beaskoetxeak ikusleei partidu eder batek suposatuko lukeen “azken oparia” egin gura die, agur modura. Bikote gazteak, ostera, “konfirmazioa” du jomuga: “Ligaxkako uneren batean ez dugu gure benetako maila erakutsi; hortaz, geure burua eta geure jokoa aldarrikatu gura ditugu finalean”. Barandika birritan heldu da final batera kantxa horretan, sekula irabazi barik; bere burua aldarrikatzea bilatuko du, hortaz.
Diego Beaskoetxea: “Jai Alai Ligak kirol honi jarraikortasuna eta normalizazioa ekarriko dizkio”
Aspaldiko ezagunak dira denak. Beaskoetxearen aitak entrenatzen zituen orain aurkari dituenak; Barandika, gainera, lehengusua ere badu. Estrategiaz galdetuta, giltzarria pilotalekuaren atzeko koadroetan egongo dela diote. “Lopez atzelari dominatzailea da; aurkarien posizioa hiru puntu atzeratzeko gai da. Ni jokoz kanpo uzten saiatuko da, 106 gramoko pilota hilak baliatuz», azaldu du Barandikak.
Hori bai, finalaurrekoan bere bikotekide Lekerikak ere frogatu zuen atzealdean jotzaile agertzeko gai dela, Iñaki Osa Goikoetxea zumaiarraren eta Nicolas Etxeto ahetzetarraren ekinari sendotasunez eutsi baitzion. “Sasoi onean nago, konfiantzagaz, eta joko aldetik bikain gabiltza; gainera, iaz eduki ez genuen zortea ere badaukagu aurten”, adierazi du Lekerikak. Jokoa aurrean erabaki dadin, Barandikak eta Lekerikak pilota biziagoak hautatuko dituzte: 108 gramoko hiru.
Hilabete asko, partidu gutxi.
Barandika eta Lekerika bat datoz beraien maila are hobea izateko falta izan zaien osagaia zehaztean: gehiago jokatzea. Aurrelariak azaldu du urritik otsailera artean, finala barne, bost partidu bakarrik jokatzeak “oso gaitza” bihurtzen duela sasoiko egotea: “Bai fisikoki, bai mentalki, puntistak kantxan egon behar du, sasoiari nahiz kontzentrazioari eusteko. Ia-ia hilabeteko partidu bat jokatzeak asko zailtzen du erregulartasuna lortzea”.
Hiru pilotariek hautagai berberak bota dituzte, finalean beste zein bikote espero zuten galdetuta: Jean Dominique Olharan pauetarrak eta Thibault Basque bidartar gazteak osaturikoa. Dena dela, hiruek adierazi dute final handira heltzeko moduko “lau edo bost bikote” osatu dituztela antolatzaileek. Esaterako, txapelketaren defendatzaile Erkiaga eta Zabalaz gain, Goikoetxeak eta Etxetok osaturikoa nabarmendu du Beaskoetxeak: “Egundoko eskarmentua eta jarrera erakutsi dute kantxan”.
Xabi Barandika: “Lopez, atzelari oso dominatzailea denez, ni jokoz kanpo uzten saiatuko da finalean”
Winter Series, bestalde, jaio berri den Jai Alai Ligarako puntuagarria izango da, Donibane Lohizuneko Nazioartekoekin, Paueko Kopagaz eta Miarritzeko Urrezko Xisteragaz batera. Guztien artean puntisten ranking edo sailkapena egingo dute.
Beaskoetxeari “jarraikortasuna eta normalizazioa” datorzkio burura, liga horren jaiotzaz galdetuta: “Beste edozein kirolek bezala funtzionatzeko, zesta-puntak jarraikortasuna eta normalizazioa behar zituela argi daukat, txapelketak hain isolatuak izan ez daitezen; liga horrek hori ekarriko dio kirol honi”.
Pareko iritzia dauka Barandikak ere: “Ikusleek, maiz, ez dute oso argi izaten nortzuk dauden zesta-puntako goi mailan; jakin badakite txapelketa bakoitza nork irabazten duen, baina denen arteko sailkapen orokor bat behar dute, lehiaketa denak testuinguratuko dituena”. Ikusleekin konexio hori lortu guran, gainera, Jai Alai League aplikazioa sortu dute; “ideia bikaina”, Lekerikaren iritziz. “Egun, sakelakoa erabilita jasotzen dugu kirol informazio guztia, eta zesta-puntak ere bagoi horretara igo beharra zuen, lehenago edo beranduago”.
Unai Lekerika: “Txapelketak giro berezia sortu du, herriko kaleetan ere sumatu daitekeena”
Hainbat une hunkigarri.
Zerbait izatekotan, aurtengo Winter Series txapelketa hunkigarria izan da hiru finalista gernika-lumotarrentzat. «Lehenik eta behin, lehiaketa hasieran Mundakan aurkeztutako etxeko hiruak finalean egongo gara; jendea gu goi-mailan ikustera erdi ohituta egon arren, hori ez da egunero bizitzen», azaldu du Barandikak. Lekerikak, ostera, familia du mintzagai: “Nire anaia Urkoren debuta aurtengo une ederrenetako bat legez gordetzen dut; Jon Danborindegi ordezkatu zuen David Minvielleren aurrelari modura; maila handiko aurkezpen agerraldia izan da beretzat Winter Series hau”.
Baina, guztiaren gainetik, jendearen iruditegia Beaskoetxearen agurrak betetzen du. Atzera begiratuta, “bizitakoez zoriontsu eta egindakoaz harro” ageri da aurrelaria, bere azken final handiaren ataritan. Nolanahi ere, ez du guztiz baztertu partiduren bat edo beste jokatzerik: “Zerbait oso berezia izan beharko litzateke; esate baterako, Mexikon edo AEBetan zer edo zer berezia jokatzea”.
Hiru finalistak “harrituta” daude ikusleek txapelketari eman dioten babesagaz eta astelehenero eduki duen jarraipenagaz. Zesta-puntaren “bigarren loraldia” aipatu dute, eta Lekerikak azaldu du herrian barrena ere “zesta-punta usaina” hartu daitekeela: “Asteroko sarrera salmenta izugarriaz gain, txapelketak zelanbaiteko giro berezi bat sortu du, herriko kaleetan igarri daitekeena; zesta-puntarekiko atxikidura, gaur-gaurkoz, oso handia da, eta gorantz doa“.
Edozer pasatuta ere, bigarren Winter Series etxean eta etxekoen artean geratuko da. Harmailen sua, behintzat, ziurtatua daukate finalistek. Orain, onenak irabazi dezala.