Lehen itzulia amaitzeko, aurkari gogorra
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak UE Santboianaren kontra jokatuko du domekan, 12:00etatik aurrera, Urbietan. Ohorezko Mailako hamahirugarren jardunaldiko partidua izango da, lehen itzuliko azkenekoa.
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldea asteburu garrantzitsua baten atarian dago. Domekan, 12:00etatik aurrera, UE Santboianaren kontra jokatuko dute Ohorezko Mailako hamahirugarren jardunaldiko partidua, Urbietan. Norgehiagoka horrek zarratuko du, gainera, ligako lehen itzulia eta, ondorioz, basurdeek lehen txanpa hori aho zapore onagaz amaitzeko bilatuko dute. Aurrez aurre edukiko duten aurkaria, baina, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula izango: UE Santboiana SilverStorm El Salvadorren kontra berdindu ostean ailegatuko da Urbietako partidura; sasoi bikainean daude kataluniarrak, beraz.
Gernika RTko lantaldeak astebeteko atsedenaldiaren ondoren ekingo dio lehen itzuliko azkenengo zitari. La Vilaren kontra 50-26ko porrot gogorra jaso ostean, taldeko kideek “deskonexio apur bat” eduki dute, Eduardo Maidagan entrenatzaileak azaldu duenaren arabera. Aste honetan hasi dira domekako partidua prestatzen, eta gernika-lumotarrak aurreratu du “oso gogorra” izango dela. “Santboiana ligako iazko garailea da, aurkari oso lehiakorra eta borrokalaria; horrenbestez, norgehiagoka gaitza izatea espero dugu”, azaldu du.
Eduardo Maidagan: “Santboiana ligako iazko garailea da, eta norgehiagoka gaitza izatea espero dugu”
Talde kataluniarrak aurrealdean jokalari handiak dituela argitu du Maidaganek, eta sortzen duten joko moldea “oso aurrez aurrekoa” dela: “Kontaktuetan defentsa behar sendoa egin beharko dugu, beraien jokalariak handiak eta mugitzen zailak baitira eta atzealdean ere bikain mugitzen den jokalari bat baitute”. Bisitarien frontaltasunaren indargune taldelanagaz erantzun beharko diote basurdeek, beraien aukerei eutsiko badiete: “Talde bat legez mugitu beharko gara, hau da, elkar komunikatuz eta jokaldiak modu globalean planteatuz; osterantzean, jai izango dugu”.
Hutsuneak lantaldean.
Lantaldeko zenbait jokalari berreskuratuko ditu entrenatzaileak datorren astebururako, baina beste batzuk ezin izango dira neurketara sasoiz iritsi. Johannes Gous eta Jokin Eskolar gernika-lumotarra ez ditu eskuragarri edukiko, eta Jon Gurtubai ere ez. Azken hori epe luzeko lesio batetik berreskuratu berri egon da, baina, bigarren taldeagaz jokatzen aritu ondoren, zuntz etendura bat egin du, eta ezin izango du jokatu.
Johannes Gous, Jon Gurtubai eta Jokin Eskolar gernika-lumotarra ez dira jokatzeko moduan egongo
Basurdeek, dagoeneko, badakite hurrengo asteburuko zapatuan ipiniko dutela abian ligako bigarren itzulia, baina oraindik ez dakite noren kontra aritu beharko diren. Zentzu horretan, Maidaganek “beharrezkotzat” jo du lehen zatia ahalik eta hoberen amaitzea: “UE Santboiana moduko taldeei kostatu egiten zaie Urbieta moduko zelaiguneetan jokatzea. Azken hiru jardunaldietan etxean jokatu dute eta bidaia igarri egingo dute; belar artifizialdun zelai sintetikoa da beraiena, eta geure belar zapalduzko zelai naturala. Oro har, asko dira geure alde baliatu ditzakegun faktoreak”. Bigarren itzuliari begira, Gernika RTkoek gutxienez lau partidu jokatuko dituzte Urbietan, eta horietako asko zuzeneko aurkarien kontra izango dira. Beraz, denboraldiko bigarren garaipena eskuratzea “nahitaezkoa” da taldearen moralarentzat.