Etenaldiaren ondoren, berriz ere lehiara
Lointek Gernika Bizkaiak Casademont Zaragozaren kontra jokatuko du gaur, 20:00etan. Martxo amaieran Erregina Kopa lehiatuko duten kantxa berean ariko dira Anna Montañanarenak.
FIBA etenaldiaren ondoren, Lointek Gernika Bizkaiak lehiaketari berrekingo dio, eta Emakumezkoen Endesa Ligako partidua jokatuko du gaur, 20:00etan, Casademont Zaragoza taldearen aurka, Principe Felipe pabiloian. Ligako 21. jardunaldiko norgehiagoka izango da gaurkoa, eta konpetizioaren geldialdiaren ostean sentsazioak bilatzea izango dute jomuga Anna Montañana valentziarraren jokalariek.
Ligako play-offei begira, denboraldiko zati esanguratsuenetakoa ipiniko dute abian Malostekoek. IDK Euskotren taldearen aurkako porrotaren ondoren, burua deskonektatu zuten talde gernika-lumotarreko jokalariek, eta euretako zortzi beraien selekzioekin aritu izan dira jokatzen. Orain, lehiaketagaz bete-betean egingo dute topo: Zaragozako neurketaren ostean, domekan Movistar Estudiantesen kontra ariko dira, etxean. Aurten, lehen zortzietan sartzeko lehia inoiz baino berdinduago dago, taldeen arteko parekotasuna inoizkorik handiena baita. Horrenbestez, partiduak irabazteaz edo galtzeaz harago, bada adierazgarria izan daitekeen beste faktore bat ere: talde bakoitzaren puntu average-a. Denboraldiaren puntu honetan, alderdi denak aintzat hartu behar dira.
Ligako sasoi honetan, taldeek puntu average-a kontuan eduki beharko dute, partiduak irabazteaz edo galtzeaz gain
Gaurko arerioari dagokionez, Casademont Zaragozak koska bat gora egin du aurten, eta ligako errebelazioetako bat izaten ari da. Gaur-gaurkoz, sailkapeneko laugarren postuan kokatuta daude, 14 garaipeneko eta 6 porroteko bilakaeragaz. Taldeko entrenatzaileak, Carlos canterok, sakontasun handiko lantaldea dauka eskuragarri, kalitate handiko jokalariekin. Kanpoaldeko postuetan jokoaren alderdi ugaritan eragin dezaketen jokalariak dituzte: Carmen Grande, Lara Gonzalez, Mariona Ortiz nahiz Helena Oma.
Gaur jokatuko duten kantxa berean ariko dira, martxoan, Erregina Kopan
Saskiratze gaitasun handiko jokalariak ere ez zaizkie falta, hala nola, Imani Tate edota Leona Fiebich; azken hori, hain zuzen ere, ligako interesgune handienetako bat da, egun. Beraien barrualdeko jokoak, ostera, izen-abizen propioak ditu: Markeisha Gatling. Uztaipean aldeak egin ditzakeen jokalaria da, 2020/2021 denboraldian lehiaketako saskiratzaile gorena izandakoa. Gainera, asistentzia behar paregabea egin diezaioketen jokalariak edukiko ditu aldamenean, besteren artean, Vega Gimeno edo Serena Geldof.
Malostekoak, bestalde, martxoko Erregina Kopan jokatuko duten kantxa berberean ariko dira gaur; horrenbestez, eremua ahalik eta hoberen ezagutzeko aukera edukiko dute Montañanarenek.