Uraren zikloa digitalizatuko du Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Ur Data proiektua jarriko du martxan, "kudeaketa eredu eraginkorra" bultzatzeko helburua duena. 2025era arte gauzatuko da Busturialdeko eta Lea Artibaiko 30 udalerritan.
Uraren zikloa digitalizatzeko Ur Data proiektua gauzatuko du Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Busturialdeko eta Lea-Artibaiko 30 udalerritan, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia planaren esparruan. Udalerriak integratzeko eta horiek digitalizatzeko erreferentziazko kudeaketa eredu eraginkorra ezarri gura dute horietan, eta, horretarako, 17.547.313 euroko aurrekontua edukiko du ur partzuergoak; zehaztu dutenez, 9.994.595 euroko diru laguntza eskatu dute, proiektuaren aurrekontuaren %65.
Proiektuaren jarduketa eremua Busturialdea eta Lea-Artibai dira; beraz, eskualdeotako udalerrien errealitateak “aztertuko” dituztela azaldu dute, horietan esku hartzeko helburuak eta estrategiak definitzeko. “Lurraldearen garapen orekatua bilatzen dugu, udalerri txiki, ertain eta handien arteko hornidura eta saneamendu zerbitzuak homogeneizatzeko neurri erabilgarriak bultzatzean oinarrituta”, adierazi dute.
Ur Data proeiktuari esker, uraren kudeaketa “eraginkorragoa, jasangarriagoa eta berdinzaleagoa” izango dela diote ur partzuergoko ordezkariek, eta, adierazi dute, baliabide hidrikoak hobeto ulertzea ahalbidetzeko, kudeaketa hobe bat lortzeko eta hornidura erabat bermatzeko “zenbait tresna eta teknologia berri” ezarriko dituztela. Tresna eta teknologia horien artean daude, besteak beste, informazio geografikoari buruzko sistemak, simulazio hidrologikorako sistemak, monitorizatzeko sistemak, datuak aztertzeko tresnak, eta abar.
Hain zuzen ere, egingo diren jarduketak ingurumen eta gizarte hobekuntzekin, behar estrategikoekin eta gatazkak konpontzeko irizpideekin gauzatuko dituzte, “emaitzen iraunkortasuna eta uraren hiri zikloaren erabileran eta kudeaketan gardentasuna sustatzeko helburuagaz”. Hala, arreta jarriko dute zerbitzuaren fase guztietako datuen monitorizazioan, instalazioen “erabateko” digitalizazioan, energia efizientziaren “hobekuntzan” eta teknologia berrien eta sistema adituen txertaketan.
Ur partzuergoko arduradunek diotenez, proiektuak ekonomia, gizartea eta ingurumena berriztatzeko prozesu bat jarri du martxan, hurrengo alderdietan oinarrituta: kalitatearen, kantitatearen eta zerbitzuaren berme hirukoitza; baliabideen eskaria murriztea eta saneamendu eta arazketa sistema hobetzea; jarduera eremu bakoitzaren digitalizazio maila desberdinekiko eta premia espezifikoekiko koherentzia; ur masen egoera hobetzea; eta, klima aldaketaren ondorioak arintzeko eta egokitzeko irtenbideak proposatzea.