Musika eta magia uztartuko dituzte herriz herri
Musika eta magia uztartzen dituen Herriz Herriko Kontzertu Zikloa jarriko du martxan Segundo Olaeta Musika Eskolak. Bihar hasiko dute zikloa Foruan; San Martin de Tours elizan ariko dira 19:00etan.
Musika eta magia uztartzen dituen Herriz Herriko Kontzertu Zikloa jarriko du martxan Segundo Olaeta Musika Eskolak. Hain zuzen ere, Harizko Mintegiak eskainiko ditu emanaldiak Foruan, Muxikan eta Busturian, eta bihar hasiko dira kontzertu zikloagaz Foruko San Martin de Tours elizan, 19:00etan; Muxikan martxoaren 9an ariko dira Ariatzako eskolan, 19:00etan, eta Busturiko kontzertuari buruzko eguna zehazteko dago oraindik.
Gernika-Lumoko ikasleez gain, inguruetako herritako bizilagunek ere musika ikasten dute Segundo Olatea Musika Eskolan, eta ikasle horien udalerrietara gerturatu gura izan dute musika eskolako arduradunek. “Eurak etorri beharrean, gu mugitzea pentsatu dugu. Hala, eskolan ikasten dutena euren udalerrietan erakusteko aukera eman gura izan diegu ikasleei. Musika eskola herri txikietara gerturatzea ere bada gure helburua, gure lana zabaltzea eta ikasleek ikasten dutena erakustea, alegia”, azaldu dute arduradunek.
Hori horrela, orkestra txikia, ganbarako bi talde eta harizko orkestra nagusia ikusteko eta entzuteko aukera edukiko dute forutarrek, muxikarrek eta busturitarrek. Gainera, emanaldi baten eta bestearen artean eszenatokia aldatu behar izaten denez, hutsune horietan Julen Magoaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. “Musika eskolako ikaslea da, eta magia praktikatzen du, asko gustatzen zaio. Hala, emanaldien artean aulkiak aldatu behar izaten direnez, pentsatu dugu tarte horretan ikusleak entretenitzeko aukera ona dela magia ikuskizuna eskaintzea”, azaldu dute arduradunek.
Denetariko musika.
Musika eskolako irakasleek adierazi dutenez, “denetariko” musika estiloak jorratuko dituzte kontzertuetan. Orkestra txikiak folk abesti herrikoiak joko ditu, baita Jurassick Park ikus-entzunezkoaren soinu banda ere. Bestalde, ganbarako taldeetako batek Eric Clatonen Tears in Heaven kantua joko du, eta besteak, Mary Poppins-en soinu banda. Orkestra nagusiak La la land edota The Lord of the Rings ikus-entzunezkoen musika eta Andeleren Someone Like You kantua eskainiko ditu, besteren artean; azken kantu horretan ikasle batek kantatu egingo du.
Lehenengo urtez antolatu dute herriz herriko kontzertu zikloa, eta, diotenez, zikloak harrera ona izanez gero, aurrerantzean egiten jarraitzea hausnartuko dute.