Itzulia Basque Country Busturialdetik igaroko da
World Tour mailako txirrindulari lasterketa Busturialdetik pasatuko da. Apirilaren 7an igaroko dira goi-mailako txirrindulariak eskualdeko errepideetatik, Zornotzan hasi eta amaituko den bosgarren etapan.
Argitara eman dituzte aurtengo Itzulia Basque Country txirrindulari lasterketako etapetako ibilbideak. Horietako bat, bosgarrena, Busturialdeko errepideetatik pasatuko da. Apirilaren 7an, Euskal Herriko World Tour mailako itzuli bakarraren bosgarren egunak Zornotzan edukiko du hasiera eta amaiera; tartean, txirrindulariek 165,9 kilometro gorabeheratsu egin beharko dituzte. Bosgarren etapa hori, hain zuzen, itzuli osoaren argazkia izango da: etapa gorabeheratsuak, teknikoak eta bihurgunetsuak nabarmenduko dira aurtengo ekitaldian ere.
165,9 kilometroko etapa izango da, oso gorabeheratsua
Zornotzatik atera bezain pronto, Muniketa igo beharko dute ziklistek; jarraian, Urrutxutik gora egin, eta Bizkaiko Begiratokia izango da eguneko bigarren mendate puntuagarria. Bai bata, bai bestea hirugarren mailakoak izango dira. 54. kilometroan iritsiko zaie hirugarren gailurra: Natxitura igoko dira Eatik. Kostaldera jo ostean, Ereño aldeko aldapak igo beharko dituzte lasterkariek; ondoren, Nabarniztik Gernika-Lumorainoko jaitsierari ekingo diote, eguneko mendaterik gogorrena igotzeko: Paresi, bigarren mailakoa. Busturitik igaro beharko dute mendate hori, hau da, bere aurpegirik gogorrenetik. Ondoren, Errigoiti igoko dute Olabarri auzotik, baina ez da mendiko sailkapenerako puntuagarria izango.
Gernika-Lumora jaitsi eta gero, Muxikarako bidea hartuko dute parte-hartzaileek, han esprint berezia egin eta Morgara igotzeko; Aretxabalganeko portuak, Errigoiti bezalaxe, ez du punturik emango. Etapa amaieran, Belarrinagako aldapa koskorra igoko dute, helmugatik hogei kilometro pasatxora gaindituko dutena. Handik Zornotzara arteko tartea, berriz, leuna izango da. Desnibel metatu handiko eguna izan arren, mendateak gaindi ditzakeen txirrindulari bizkor baten ezaugarrietara egokitzen den etapa izango da hilaren 7ko hori.
Muniketa, Bizkaiko Begiratokia, Natxitua, Paresi eta Belarrinaga izango dira eguneko mendate puntuagarriak
Pello Bilbao, hautagai.
Gainontzeko etapei dagokienez, lehenengoak Gasteiz eta Labastida lotuko ditu; bigarrenak, Viana eta Leitza; eta hirugarrenak, Errenteria eta Villabona. Laugarrena Santurtzin hasi eta amaituko da; seigarren eta azkena, aldiz, Eibarren. Pello Bilbao Bahrain Victorious taldeko gernika-lumotarrak osatuko du eskualdeko partaidetza. Azken ekitaldietan sailkapen orokorreko lehian egon ondoren, ia etapa garaipen bikaina poltsikoratu zuen Amurrion, Julian Alaphilippen aurretik. Aurten ere, hautagai nagusietako bat izango da Bilbao.