Amaia Mendinueta, Euskadiko Txapelketaren bila
Arratzuko Piratak Herri Kirol Taldeko kideak lokotx biltze saioan parte hartuko du. Mungian izango da, datorren domekan, 12:00etatik aurrera.
Datorren domekan, Euskadiko lokotx biltze eta lasto botatze txapelketa lehiatuko dute Mungiako Jose Antonio Agirre udal kiroldegian. 12:00etan ipiniko dituzte abian bi lehiak eta bertan partaidetza edukiko du Arratzuko Piratak Herri Kirol Taldeak. Hain zuzen ere, Amaia Mendinuetak gainontzeko parte-hartzaileen aurka neurtuko ditu indarrak lokotx biltze proban. Mendinuetak “inongo presio barik” hartuko du Euskadiko Txapelketa: “Eskarmentuz ni baino jantziago dauden aurkariak egongo direnez, ahalik eta probarik lehiakorrena egitea eta, era berean, egindakoaz gozatzea izango dira neure helburuak”.
Mendinueta irailaren 4an Gautegiz Arteagan lehiaturiko Bizkaiko Txapelketan bigarren postua poltsikoratu ondoren iritsiko da Euskadikora. “Bizkaikoan sasoi onean iritsi nintzen, baina partaidetza apalagoa zen; beraz, Gautegiz Arteagakoa baino proba gogorrakoa espero dut”.
Lau emakumezkok eta zortzi gizonezkok parte hartuko dute lokotz biltzean, eta 50 ale bildu beharko dituzte. Emakumezkoen artean, Mendinuetak argi eta garbi du hautagai nagusia zein izango da: Ainhoa Iraizoz nafarra. “Trontzan izan nuen bere berri, eta egundoko maila du. Gainera, sasoi fisiko bikainean helduko da Mungiara”, azaldu du Mendinuetak. Iraizozek, hain zuzen ere, iazko txapelketa irabazi zuen.
Aurrerantzean, Mendinuetak herri kiroletako modalitatea berriak probatzea edukiko du jomuga. “Herri kiroletan ez daramatzat urte asko eta, beraz, diziplina berriak ezagutu gura ditut; esate baterako, harri jasotzea edota zaku altxatzea ditut buruan. Dena dela, modalitate horietan maila oso handia dago eta, beraz, hankak lurrean eduki beharko ditut”.