Jose Ramon Bilbao izango da EH Bilduren alkategaia Gernika-Lumon
Zinegotzi modura emandako urteen ostean "indar gehiagoz eta ilusio handiagoagaz" jarraitzen du proiektu berdinean, helburu beragaz: "Guztiontzako izango den Gernika-Lumo hobe baten alde egiten".
Aurtengo udal hauteskundeetarako zerrendaburu izendatu du Gernika-Lumoko EH Bilduk Jose Ramon Bilbao Buli. 2011az geroztik da EH Bilduren zinegotzia Bilbao, eta zinegotzi modura emandako urteen ostean “indar gehiagoz eta ilusio handiagoagaz” jarraitzen du proiektu berdinean, helburu beragaz: “Guztiontzako izango den Gernika-Lumo hobe baten alde egiten”.
EH Bildurena ez dela proiektu pertsonala adierazi zuen Bibaok domekan, koalizio abertzalearena talde proiektua dela azpimarratuz; izan ere, EH Bilduren alkateordea izango den Leire Gonzalez Enbeita ere aurkeztu zuten. “Gurea guztion proiektua da, komunitatearen proiektua da. Beste hautagaitzen ereduarekin alderatuta zeharo desberdina da guk proposatzen dugun udal eredua: horizontalagoa, feministagoa, hurbilagoa eta errealagoa”, adierazi zuen alkategaiak.
Udalerria “barrutik” ezagutzen dutelako eta urte hauetan batutako esperientzia eta ekarpenak jasota “inoizkorik proposamen sendo, zabal eta partekatuena” osatu dutela diote. Hala, hiru ardatzetan oinarritutako proposamena egin dute: gardentasuna eta zintzotasuna, proposamen erreala eta bertatik bertara eraikitzekoa.
Hala, talde politiko guztiek eta herritarrek “ahotsa” izango duten udal gobernua eratu gura dute EH Bildukoek, “guztien proposamenak eztabaidatuko” dituena: “Diru publikoaren kudeaketan guztion iritziak du garrantzia, ez soilik udal ordezkarienak; baita elkarteenak eta herritar guztienak ere”. Azaldu dutenez, herritarren bizi kalitatean inpaktu zuzena izango duten inbertsioak egitea da euren lehentasuna: “Gernika-lumotarrentzat izango den udalerri bat nahi dugu. Beste erakundeetatik inbertsioak badatoz, ez diegu atea itxiko, baina udalak badu gaitasuna eta baditu baliabideak herritarren kezka eta nahiei bidea emateko”. Diotenez, espazio publikoak ere herritarrontzat berreskuratu gura dituzte.