Hirugarren postua, hirugarren setean
Jean Dominique Olharanek eta Thibault Basquek lortu dute Winter Seriesko hirugarren postua. Iñaki Osa Goikoetxeari eta Nicolas Etxetori 1-2 gailendu zaizkie. Galdu arren, Goiko izan da partiduko izar nagusia: tanto distiratsuak egin ditu, une gaitzenetan partiduaren ardura guztia hartuz.
Hirugarren postua ez ezik, ohorea zegoen jokoan atzo, Gernika-Lumoko Jai Alain, Winter Seriesko hirugarren eta laugarren postuak zehazteko partiduan. Finalerako txartela galdu arren, egundoko ikuskizuna oparitu zieten pilotariek beste astelehen batez frontoiko harmailak bete zituzten 1.600 ikusleei. Jean Dominique Olharan pauetarrak eta txapelketako protagonista nagusietako bat izan den Thibault Basque bidartar gazteak 1-2 irabazi zieten Iñaki Osa Goikoetxea beterano zumaiarrari eta atzo gogotik sufritu zuen Nicolas Etxeto ahetzetarrari. Partiduko protagonista, galdu arren, Goiko izan zen: hogeita bost tanto egin zituen, modu eta itxura guztietakoak.
Bikote urdina Goikoetxea jokoz kanpo uzten saiatu zen
Bigarren seta lehenengoaren erro beretik abiatu zen, alegia, Goikoren begibistako nagusitasunagaz. 3-0 hasi ondoren, 6-3koagaz egin zuten aurrera gorriek. Markagailu horregaz, baina, bikote urdinaren iraultza iritsi zen. Kaltetu nagusia Etxeto izan zen; Olharanek eta Basquek gogor jipoitu zuten ahetzetarra, eta partidua berdintzea lortu zuten. Seina, zortzina eta bederatzina joan ziren. Basquek, aurtengo errebelazio gazteak, hamarreko koadrotik moztu zuen pilota, txapa gainera bidaliz; horrelaxe ipini ziren urdinak aurretik. 12-14koa ezarrita ere, ez zen nahikoa izan seta gutxieneko erosotasunagaz irabazteko. Izan ere, Goikoetxeak 14-14koa lortu zuen. Hori bai, urdinek pilotalekuaren atzealdea astintzen jarraitu zuten, eta lortu zuten bigarren seta beren poltsikora sartzea. Hirugarren posturako lehia, horrenbestez, berdinketa haustean erabakiko zuten.
Azken setean, Etxetok mokor gainean pilotakada gogorra jaso zuen