Markel Arano, azken esprintean Espainiako txapeldunorde
Markel Arano Uriartek bigarren postuan amaitu du Espainiako Txapelketa, Santanderren. Kros denboraldia "balorazio oso onagaz" bukatu du natxituarrak; Gasteizko maratoia prestatzen hasiko da orain, horixe izango baita bere hurrengo erronka nagusia.
Markel Arano Uriarte atleta natxituarrak sasoi forma bikainean amaitu du kros denboraldia: duela aste bi Basaurin lehiatutako Euskadiko Txapelketan bigarren amaitu ondoren, postu hori berretsi zuen, zapatuan, Santanderren (Kantabria) jokaturiko Espainiako Txapelketan. Bertako-Javi Conde klubeko taldekide bi eduki zituen podiumean albo banatara: Manuel Jimenez Calerak irabazi zuen, eta hirugarrena, aldiz, Jorge Tejerina Martinez izan zen. Taldeka, beraz, nagusi agertu ziren.
Aranok “motibazioz” hartu zuen txapelketa, egindako “prestakuntza onaren” jakitun. La Magdalenako zirkuitua “izoztuta eta hotz handiagaz” topatu zuten parte-hartzaileek; orduek aurrera egin ahala, giroa epeltzen joan zen, eta irteera hartzeagaz batera korrika egiteko “baldintza egokiak” topatu zituzten. Natxituko lasterkariak, beste behin, gutxiagotik gehiagora egin behar izan zuen: “Ibilbidea oso bizkorra eta leuna zen, eta zenbait gunetan izotza ere bazegoen; oro har, neure baldintzetara nahiko ondo egokitzen zen, baina ez nuen irteerarik onena egin”.
Markel Arano: “Azken kilometro erdira zazpigarren iritsi nintzen, eta, esprintean, bigarren posturaino ailegatzea nortu nuen”
Itzuliz itzuli, Arano postuak aurreratzen joan zen, lasterketaren lehian ibili zen taldera ailegatu arte. Espainiako Txapelketa azkenengo itzulian jokatu zuten aurrekoek. Aranok azken 500 metroetan kale edo bale egin behar izan zuen: “Azken kilometro erdira zazpigarren postuan iritsi nintzen, eta esprintean aurreratu nituen talde horretakoak; azkenean, bigarren posturaino ailegatzea lortu nuen, egundoko esfortzua egin ostean”.
Metro batzuk gehiago.
Natxituarrak azaldu duenaren arabera, lehen postutik segundo bakarrera helmugaratu zen. Azken esprinta, hil ala bizikoa izan arren, “apur bat luzeagoa” izatea hobestuko lukeela adierazi du: “Azken zuzenguneak beste ehun metro edukiko balitu, beharbada, podiumeko goreneko kajoian amaitu ahalko nukeen. Dena dela, egindako esprint bikainagaz geratzen naiz; harro nago lortutako bigarren postuagaz, batez ere, lasterketak edukitako partaidetza paregabea kontuan izanda”.
“Datozen hamabi asteetan, berriz, bete-betean sartuko naiz Gasteizko Maratoirako prestakuntza espezifikoetan”
Espainiako txapeldunorde amaitzeak “helburua bete duela” esan gura du Aranorentzat, eta Santanderko lasterketaren “balorazio oso ona” egin du. Bestalde, behin kros garaia amaitutzat emanda, azaldu du Gasteizko Maratoia izango dela bere hurrengo kirol jomuga. “Aste honetan zehar, kros distantziatik entrenamendu luzeagoetara trantsizioa landuko dut; datozen hamabi asteetan, berriz, bete-betean sartuko naiz Gasteizko Maratoirako prestakuntza espezifikoetan”. Maiatzaren 14an lehiatuko du maratoia Aranok, eta bere helburuak “probaz gozatzea eta denbora txukuna egitea” izango dira.