Askotariko genero musikalak dakartza Lekuekek
Lekuek jaialdiaren hamargarren edizioak adin eta gustu guztietako askotariko musika estiloak bilduko ditu. Bonoak salgai daude, Lekueken webgunean edota Astran, Ospa Tabernan eta Aterpen.
Martxoaren 17tik 25era arte iraungo du Lekuek jaialdiaren hamargarren edizioak, eta kartelak adin eta gustu guztietako askotariko musika estiloak biltzen ditu. Sei talde baieztatu zituzten duela hiru aste, eta hurrengo taldeak jakinarazi dituzte orain: Kiko Veneno, Dennis Alcaponez, Pelomonoz, Olaia Inziartez, Lady Bananaz eta Wormed taldeez gain, Mohama Saz, Los Sara Fontan, Joseba Irazoki, Benizze, Nakar, HVUC, Gonzalo Portugal, Arratians, Bullets of Misey, Sonic Trash, Rise to Fall, Mocker´s eta Vulcanizadas taldeak ariko dira udalerriko leku ezberdinetan.
“Oraingoan ere, adin eta molde guztietako publikoari eskainitako askotariko genero musikalak dakartzagu, eta agendarekin bat egiten doazen partaideak elkarlanean ari gara jaialdi kontzeptu ezberdin hau aurrera eramateko: etxekoa eta nazioartekoa aldi berean, zirraragarria eta sutsua, korala eta harmonikoa”, diote antolatzaileek.
Iaz legez, aurten ere Astra, Iparragirre Rock Elkartea, Kult Parnasoa, Lizeo Antzokia eta herriko taberna ezberdinak izango dira jaialdiko lekuak.
Kontzertuez gain, denetariko ekintza, proiekzio eta ezustekoz gozatzeko aukera izango dute herritarrek martxoko jaialdian. Izan ere, jaialdiaren filosofiak bere horretan dirau; beraz, Gernikako elkargune ezberdinetan sormen handiko adierazpen eta interes artistikoei leku egingo diete, lantalde boluntario bati esker.
Bonoak salgai, formatu fisikoan zein digitalean.
Salgai daude Lekuek jaialdiko bonoak, formatu fisiko zein digitaldean, 30 eurotan. Hala, jaialdira bertaratu gura dutenek www.gernikakolekuek.com webgunean edota hurrengo estekan eros daitezke sarrerak, baita Astra, Ospa Tabernan eta Aterpe Tabernan ere. Zehaztu dute Kiko Venenok Lizeoan emango duen kontzerturako sarrerak aparte erosi beharko direla, kultur etxeko webgunean, 15 eurotan; bazkideentzat 12 euroko kostua izango dute.