Zeuretzat, aitita Santiago
Andoni Larrinagak eta Ibon Malaxetxebarriak Miarritze eta Marrakex lotzen dituen 4L Trophy elkartasun proban parte hartuko dute datorren astean, beren aitita Santiago Larrinagaren Renault 4L zaharragaz. Ikasmateriala eta botikak banatzea du jomuga lasterketa solidario horrek.
Nekez imajinatuko zukeen Santiago Larrinaga ispastertarrak duela 30 urte baino gehiago Olabarri baserrirako erositako Renault 4La Marokoraino iritsiko zenik. Era berean, sinistu ere ez luke egingo mezatara joateko, Eatik Gernikara bidaia egiteko edota etxeko beharretarako erabiltzen zuen autoak noizbait gehien behar dutenei eskola materiala zein botikak banatzeko balioko lukeenik.
Bada, hori guztia egi bihurtuko dute bere bi lobek: Andoni Larrinagak eta Ibon Malaxetxebarriak. Izan ere, aitonaren auto zaharra baserritik berreskuratu eta urtebetez goitik behera konpondu ondoren, ongizatezko kausa batean oinarrituko abentura baterako baliatuko baitute: Miarritze eta Marrakex lotzen dituen 4L Trophy elkartasun lasterketa lehiatuko dute, Lapurditik Marokoko basamortuetara artean.
Galesen beharrean zegoela izan zuen Larrinagak proba solidario horren berri. Lankide frantziar batek haren nondik norakoak kontatu zizkionean, Olabarri baserriko 4L zaharraz oroitu zen, eta, lehengusuari kontatu bezain pronto, egitasmoa martxan ipini zuten.
Martxoaren 16tik 26ra izango da aurtengo ekitaldia, eta lehengusuek ez dute ogibide errazik edukiko: Miarritzetik atera, Algeciraseraino etapa bitan iritsi, eta, Marokoko desertuan hamaikatxo itzuli eman ostean, Marrakexen amaituko dute; bidean, 50 kilo eskola material eta botika banatuko dituzte. Guztira, 6.000 kilometro egingo dituzte, hau da, eguneko 500 bat. Txandaka gidatuko dute, eta kanpadendan lo egingo. Lehen egunak errepidez egin arren, Marokora iritsita, basamortukoak abiatuko dituzte: “Etapa sigi-sagatsuak izango dira, bihurgunez josiak, eta basamortuko herrixketan geldituko gara, materiala banatzeko”.
Jatorri frantseseko proba horretan 1.500 4L eta 3.000 lasterkari aritzen dira urtero, 1997az geroztik. Partaideak 18 eta 28 urte bitartekoak izan behar dira.. Malaxetxebarriak dioenez, Larrinagarenetzat –lehengusuetan zaharrena da bera– “azken aukera” zen ametsa betetzeko, aurten adin muga horretarako helduko da eta. Motibazioa, hortaz, lagun zuten: aitita Santiagok bertatik bertara ikusi zuen urtebetez lobek zelan berreskuratu zuten etxeko kotxe zaharra, barrutik eta kanpotik eraberritzeko.
Bien ekina ikusita, aititak “ez zuen zalantza izpirik eduki”, lehengusuetan gazteenaren arabera: “Animoak eman dizkigu prozesu osoan; Marokora helduko ote garen galdetu diogun bakoitzean, baiezko borobila eman izan digu, gugan sinisten du”. Gainontzeko senideak harritu egin ditu egitasmoak. “Hasieran, autoaren estreinako konponketak egiten ikusten gintuzten, eta geure asmoa ez zuten modu serioan hartzen; hilabeteen joanagaz, helburu argi eta garbiagaz genbiltzala ikusi zutenean, kontziente izan ziren aitita Santiagoren 4L zaharrak oraindik azken bidaia egiteko zuela”.
6.000 kilometro egingo dituzte, etapako 500, azkenak oso bihurgunetsuak
Bere 4La kanpotik apain-apain ikusi ahal izan bazuen ere, zoritxarrez, aitita Santiago ezin izango da izan bere loben abenturaren testigu, abenduan zendu baitzen. Dena dela, Larrinagak eta Malaxetxebarriak argi daukate: “Prestaketa osoan indarrak eman dizkigu, giltzarri izan da proiektuan; beraz, dagoen lekutik, gure urratsak bertatik bertara jarraituko ditu”.
Elkartasun uholdea.
Hasierako moldaketak beren kabuz egin bazituzten ere, 4L Trophy “prezio handiko ekimena” dela azaldu du Malaxetxebarriak. “Izen emateak 3.500 euro balio ditu, eta antolakuntzaren jomuga da parte hartzaileek beren poltsikotik dirurik ipini behar ez izatea”. Hortaz, lehengusu biak babesle bila hasi ziren.
“Herri mailako oihartzuna” edukitzea espero arren, FMK Media ekoiztetxeak egindako bideoa biral egin zen, eta horregaz abiatu zen inguruko enpresen nahiz norbanakoen elkartasun uriola: “Eskualdeko edota hurreko hainbat enpresak lagundu gaituzte, baita beren kasa gugaz harremanetan jarri diren herritarrek ere. Esker oneko berbak baino ez ditugu guztientzat; proiektuarekiko atxikidura izugarria sentitu dugu, jendea oso identifikatuta sumatu dugu”.
Jasotako laguntza, ekonomikoa izateaz gain, mekanika arlokoa ere izan da. Hain zuzen, kanpoko apainketak zein moldaketak beren kasa egin zituzten, baina motorra puntura uzteko, Kantabriara jo dute. “Hasieran, mekanikan adituak diren lagunek gomendioak ematen zizkiguten, baina orain profesionalen eskuetan utzi dugu motorra”, azaldu du Malaxetxebarriak.
50 kilo ikasmaterial eta botika banatuko dituzte bidaiaren etapetan zehar
4Laren bertutea, izan ere, sinpletasuna da, hortik bere ezizena: “Lau latak”. Konpontzeko errazak, merkeak eta gogorrak dira autook. Ez dira 4X4ak edo rallyetarako atondutako ibilgailuak, baina muturreko baldintzei eutsi diezaiekete. Dena dela, errepidean edo desertuan arazoak ekiditeko, lehengusuek, motorraz gain, enbragea, erradiadorea eta malgukiak aldatu dizkiote. “Umetan, edozertarako erabiltzen genuen: Gernikara jaistetik edo eguneroko bidaietatik hasita, belar-metak garraiatzera arte. Auto gogorra da”, adierazi du Malaxetxebarriak.
Lehengusu biak bidaiari ekiteko prest daude. Datorren eguenean ipiniko dira martxan. Azken egunotan, orain arte ez bezala, urduritasuna igartzen hasiak dira. “Seguru gaude lortuko dugula, baina jadanik nerbioak dantzan ditugu. Seguru asko, asteburuan autoa Gernikako kaleetara aterako dugu, probara eroango dugun errotulazio eta guzti, herritarrek hain beharrezko dugun azken bultzada eman diezaguten”. Badakite bidaiagaz jende pila bati lagundu ahalko diotela. Badakite egiten duten kilometro bakoitzean aitita Santiago eurekin egongo dela. Hasiera-hasieratik modura, proiektuaren partaide.