Mbogolo herriko gazteen hezkuntza bermatzeko aukerak eraikitzen
Kenyako Mbogolo herrixkan eskola bat sortu eta eraikitzeko lanean ari dira Harriz Herri Kolektiboa eta Kenyako Mafanikio GKE. Hezkuntzarako eskubidea bermatu gura diete eskolarik gabeko landa gune horretan bizi direnei.
Norberak ondoen egiten dakiena eginez pertsonen bizitzak era askotara hobetu daitezkeela erakutsi du Harriz Herri kolektiboak. Amaia Zabala da kolektiboaren sortzaileetako bat, arkitekturako ikasketak amaitu berritan eraikuntza eta laguntza humanitarioa uztartzeko ideian sakontzen hasi zena. Bi arloak batu gura izateak Kenyako Village School Initiative ekimenean parte hartzeko aukera eta Harriz Herri Kolektiboa sortzekoa eskaini zion.
Laguntza humanitarioan murgildu nahian, mundu osoko kolektiboak eta Gobernuz Kanpoko Erakundeak ikertzen hasi zen, tokian tokiko eraikuntza proiektuetan lan egiten zutenetan arreta jarrita. Kenyako elkarte txiki bat aurkitu zuen halako batean, Mafanikio Organisation Kenia izenekoa. Nairobin sortu zen erakundea, Kenyako landa eremuetako emakumeak eskolaratzeko eta garatzeko asmoz, eta Mbogolo herrixkan eskola bat sortzeko proiektua dauka.
ARGAZKI GALERIA (HARRIZ HERRI KOLEKTIBOA)
“Eskolarik gabeko eremuan dago herrixka da, eta bertako biztanleen eskolagabetze tasa oso handia da. Hezkuntzarik barik, euren potentziala ustiatu barik geratzen da eta euren aukerak galdu egiten dituzte. Eskualdea hobetzeko aukerak zuzenean lotuta daude adingabeen eskolatzearekin, pobreziarekin, haurren lanarekin, eta ezkontza edo amatasun goiztiarrarekin”, azaldu du Zabalak. Dioenez, Kenyako elkarteak eskola eraikitzeko ideia besterik ez zeukan, baina, elkarlanean, asmoak egi bihur daitezkeela erakutsi dute. “Pertsonek gauza politak egiteko duten ilusio hori da bilatu beharrekoa”, dio ekintzaileak.
Hala, unibertsitateko bi lagunekin eta Kenyako elkarteagaz elkarlanean, proeiktua egiten hasi ziren. Eskola diseinatu zuten lehenengo, jakin zutelako zer zen lortu nahi zutena, betiere komunitatearen beharrizanetan oinarrituta: “Guk hango proiektua babestu besterik ez genuen egin nahi, ez genituen gure ideiak inposatu gura. Ez. Eurek esandakoari jarraituz diseinatu genuen proiektua, dituzten beharrizanak oinarri hartuta”.
Mafanikio Organisation Kenia Nairobin sortu zen erakundea da, eta Kenyako landa eremuetako emakumeak eskolaratzeko eta garatzeko asmoz, eta Mbogolo herrixkan eskola bat sortzeko proiektua dauka.
Zabalak dioenez, Mafanikio Organisation Kenia elkarteak 250 haur eskolatu gura zituen, 40 ikasleko zortzi geletan banatuta. Era berean, komunitatearentzako liburutegi bat behar zutela esan zieten, baita ekintza desberdinak egiteko erabilera anitzeko espazioa ere. Halaber, sukalde baten eta janlekuaren premia zuten. “Hezkuntza funtzioaz gain, argi geratu zitzaigun bilgune bat nahi zutela, herrixkaren hobekuntzan lagunduko zuena”. Izan ere, Mbogoloko herritarrentzat bizitza “bizirautea” da Zabalaren berbetan: “Bizitza bizirautea da eurentzat, eta aisialdia izateko gune bat eskaintzea garrantzitsua da, komunitatea sortzen duen espazio bat egitea, alegia. Ondorioz, proiektuak antzerki gune estali bat dauka, herriko plaza gisa”.
ARGAZKI GALERIA (HARRIZ HERRI KOLEKTIBOA)
Diseinua eginda, baina, “oinarrizko arazoa” sortu zitzaien: proiektua finantzatzea. Horren ondorioa da Harriz Herri kolektiboa. Izan ere, kolektiboaren asmoa da ekitaldiak sortzea, eremu azpigaratuetan komunitate ekipamenduak eraikitzeko asmoagaz: “Kenyako proiektuagaz hasi zen taldea, eta hiru urte daramatza eskola eraikitzeko lanean ekitaldiak antolatzen”.
Bi ikasgela, komunak zein eraikuntzaren oinarria altxatzea lortu dute
Helburu jakin horretarako finantziazioa lortzeko kontzertuak, enkanteak edota bilketak antolatu dituzte, eta gaur egunera arte, bi ikasgela, komunak zein eraikuntzaren oinarria altxatzea lortu dute. Halaber, putzu septikoak egin dituzte, baita baratzea sortu ere. Zehaztu dutenez, tokiko eraikuntza materialak eta eraikuntza metodo tradizionalak erabili dituzte, eta, horrela, tokiko ekonomia sustatu dute. “Eskulana eta erabilitako materiala Kenyakoak izan dira. Laguntza teknikoa eman diegu behar izan dutenetan, baina ez diegu gauzak zelan egin behar dituzten esan. Ez gara zerbait polita egitera joaten, behar den zerbait egiten ari gara”, dio.
Urteekin, Harriz Herri kolektiboa “sendotu” egin dela uste du Zabalak, eta talde horren parte dira, Ainhoa Unzueta eta Ziortza Basterretxea. Ekitaldiak eta bilketak antolatu dituzte, baita kontzertu batzuk ere, azkenak, Astran.
Esku hartze sozialen esparruan lan egiten du Unzuetak, eta beti izan duela elkarte batean parte hartzeko griña dio: “Amaiaren proiektua asko gustatu zitzaidan, eta elkarregaz lan egiten hasi ginen. Ordutik, gauzak elkarregaz antolatzen ari gara”. Uzuetaren laguna da Basterretxea, eta beste Gobernuz Kanpoko Elkarte batekin Perun egon ostean, kolektiboan parte hartzea erabaki zuen.
Harriz Herri kolektiboak eskolarako materialez kamioi bat bete du, eta Bartzelonatik itsasontziz eroango dute Kenyara.
Ekinaren ekinez, eskolarako materialez bete dute kamioi bat, eta Bartzelonara bidaliko dute hilabete amaieran, handik, itsasontziz, Kenyara eroateko. “Orain arte egindako bilketekin eskola janztea bilatu dugu: altzariak, materialak… Bertako eskolak zentro sozialak ere badirenez, denetariko produktuak batu ditugu: jatekoa, higiene produktuak edota osasun materiala”, adierazi du Unzuetak. Azaldu dutenez, osasun zentro zein eskola publiko eta pribatuekin harremanetan jarri ziren, eta soberan zituzten altzariak eman dizkiete: “Erantzuna handia izan da, espero baino hobea”.
Energia berriztagarria
Haurrak eskolatzeaz gain, proiektu honen helburua da ikasle guztiei eguneko otordu oso bat bermatzea, eta horretarako dohaitza bat jaso dutela jakinarazi dute kolektibokoek. Halaber, sukalde industriala lortu dute, baina, hori martxan jartzeko energia behar dute orain.
Panel fotovoltaikoak lortzea dute helburu nagusitzat, eta otsaila amaitu aurretik lortu gura dute hori: “Ageriko onurez gain, kontuan izan behar da herrixkak ez duela sare elektrikorik, eta, beraz, herrixka osoarentzako baliagarriak izan daitezkeela panelak”. Izan ere gaur egun, haurrek euren ikasgeletan jaten dute eta janaria suarekin eta lurrean eginez.
Lau eguzki panelekin ikasgelak, sukaldea, eta etorkizunean eraiki nahi duten mediku gela hornitzeko bezain beste energia lortuko luketela dio Zabalak.
Materiala bidaliko dute hilabete amaierarako, baina hilabete beranduago, martxoaren amaieran, Mbogolo herrira joateko boluntario talde bat antolatu dute; Zabala eta Unzueta dira bertara joango diren zortzi taldekideetako bi.
Boluntariotzako hilabetean, hainbat saio egingo dituzte: mediku batek doako mediku azterketa egingo diete ikasle zein emakumeei, Unzuetak lehen sorospenen ikastaroa emango du, arkitektoek sukaldea eta jangela eraikitzen lagunduko dute, eta elkarteko kide den abokatu batek komunitaterako aholkularitza juridikoa eskainiko die, behar izanez gero.
“Joan ginen lehenengo aldian irakasleak etorri ziren gurekin, bertakoei zelan erakutsi irakasteko. Ingelesa edota matematika zekiten arren, ez zekiten irakasten, eta hori bermatu gura genuen. Oraingoan, bestelako saioak egingo ditugu, izan ere, komunitateak aurrera egitea gura dugu, gure beharrizana eduki barik”, diote.
Ziurtatu dute Harriz Herri Kolektiboa edozein proposamen edo ekarpen jasotzeko “zabalik dagoela”, izan ere, etorkizunean bestelako proiektuak bultzatzeko asmoa dute: “Orain Kenyan gaude, baina polita litzateke proiektu hau amaitzerakoan beste batzuk martxan jartzea. Filosofia berarekin baina proiektu desberdinetan lan egitea gustatuko litzaiguke”.