Egindako lanaren berri emateko hitzordua jarri du Sandinderik domekarako
Herritarrak zein Sukarrietako Udala osatzen duten alderdiak deitzen dituzte parte hartzera; "eragozpenik barik" erantzungo dituzte galderak.
Sukarrietako Sandinderi herri plataformako kideek Abiña berreskuratzeko asmoz orain arte egin duten lanaren berri eman gura dute. Domekan jarri dute hitzordua, 13:30ean, Sukarrietako udaletxearen aurrean.
Sukarrietako Udalak oraintsu argitaratu eta herritarren artean banatu duen liburu batengatik haserrea agertu dute. “Enriquez historialariak egindako txosten batean oinarritako liburua da. Abiña inoiz ez dela enklabe bat izan esaten da horretan, labur esanda. Hori egia bada ere, liburuan agertzen diren beste gauza batzuk ez dira egia”, azaldu du Sandinderiko kide Jaime Oruetak. Uste dute, horren guztiaren atzean, «interes elektoralistak» daudela. Era berean, “erantzukizun politiko eta instituzional jakin batzuk ezkutatu guran” dabiltzala gaineratu dute.
“Abiña berreskuratzeko orain arte egin dugun lana uhertu gura digute”, dio Oruetak. Gogorarazi gura izan du alderdi politiko guztiekin berba egiten egon direla: “Alderdi politiko guztiek ulertu dituzte guk aurkeztu ditugun arrazoiak, eta gauzak txarto egin direla onartu dute, Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) ere bai, horiekin ere batzartzea lortu baitugu joan den astean. Denak prest daude irtenbide bat emateko, ahal den moduan. Hauteskundeak maiatzean izanik, hala ere, ez du denborarik ematen orain ezer egiteko eta, hortaz, hurrengo agintaldirako egiteke geratuko da. Ikusi behar dugu zein modutara egin daitekeen Bizkaiko Batzar Nagusietan proposamen aurkezpena”.
Herritarrak zein Sukarrietako Udala osatzen duten alderdiak (EAJ eta Berpiztu) deitzen dituzte domekako hitzorduan parte hartzera: “Udaletik lepoa eman digute orain arte, eta orain liburu honegaz datoz Abiñaren defentsan. Uste dugu eginda daukagun lana kaltetzen ari direla”. “Eragozpenik barik” domekako hitzorduan edozein galderari erantzuteko prest egongo direla zehaztu dute.
Sukarrieta defendatzearen alde baino ez dutela lan egiten diote Sandinderikoek, udalaren aurka ez daudela nabarmenduz: “Gu ez gaude Sukarrietako Udalaren aurka, beharbada, eurak bai gure aurka, eta benetan tristea da egoera”.