Gerren aurkako aldarria kaleratuko du Gernika Memoriaren Lekukok
Elkarretaratzea aprobetxatuko dute kapitalismoak, patriarkatuak, inperialismoak eta kolonialismoak sortzen dituzten egungo Gernikak ikusarazteko.
Gerraren aurkako eta herrien eta jendarte askatzaileen aldeko mezua kaleratzeko elkarretaratzea egingo du Gernika Memoriaren Lekukok bihar (otsailak 10), 19:00etan, Merkurion. Hain zuzen ere, askatasunaren, demokraziaren, justiziaren eta elkartasunaren aldeko aldarria zabalduko dute, Gernika Gehiagorik ez! lelopean egingo duten ekitaldian.
Hain zuzen ere, elkarretaratzea aprobetxatuko dute kapitalismoak, patriarkatuak, inperialismoak eta kolonialismoak sortzen dituzten egungo Gernikak ikusarazteko: “Kapitalismoa sistema harraparia da. Bizitza bera kolokan jartzerainoko fase batera garamatza, natura eta gizartea bera jomugan jarriz. Askatasuna, demokrazia, justizia, elkartasuna urratzen dituzten eliteen interes politikoak daude erdigunean, eta horien aurrean ahotsa altxatzea dagokigu Gernikatik”. Izan ere, memoria dutenek “ezin dutela” egungo errealitatea onartu diote, Gernikan bizitako “gertaera lazgarrien” ondorioak zeintzuk diren ezagutzen dituztelako.
Hala, Europak bere mugak itxi izana salatuko dute barikuan, Mediterraneoak “hilobi erraldoia” izaten ari den bitartean. Gainera, salatuko dute inguru horretan giza laguntzan ari direnen “lana oztopatzen” dutela Europako estatuek, eta Aita Mari salbamendurako euskal itsasontziaren kasua aipatu dute; izan ere, milioi bat eurora arteko isuna jaso dezake.
Gainera, Gernika Memoriaren Lekuko Leopard izeneko tankeak Ukrainara bidaltzearen aurka agertu da, diplomazia eta elkarrizketa “inoiz baino gehiago” aldarrikatu eta garatu behar direlako. Gogoratu dutenez, 37 urte beteko dira Hego Euskal Herriak NATOri ezezkoa eman ziola: “Ez da maiz gertatzen herriari funtsezko gai baten inguruan zuzenean galdetzea; eta, euskal herritarrok, ez genuen pasatzen utzi nahi gerra inperialistarako aliantza militarraren parte ez genuela izan nahi esateko aukera. Gaurko egunez, herri mandatu hura berresteko arrazoiak baino ez ditugu aurkitzen”.
Diotenez, badakite gerrek “industria indartsu” bat dutela atzean, eta kontzienteak dira industria horretan euskal enpresen presentzia egon badagoela. “Leopard tankeen kateak eta gurdien tren errodajeak SAPA izeneko euskal enpresak fabrikatzen ditu, edota Satlantis Microsats satelite enpresa bizkaitarrak ‘Gerra Hots Berrian’ mendebaldeari laguntzen diola aldarrikatu du. Europako defentsa programaren esparruan lidergoa darama 4,8 milioi euroko diru laguntza jaso duen bi proiekturen bidez. Gerra hemen hasten da, zalantzarik barik”, argudiatu dute plataformakoek.
Palestina eta Israel.
Europako gerrez gain, Palestinarren errealitatea ere azaleratu gura du Gernika Memoriaren Lekukok. Hala, palestinarren elkartaasun elkarteen datuen arabera, jakinarazi dute 2022a izan dela palestinarrek 2004tik bizi izan duten urte hilgarriena: “240 palestinar baino gehiago hil dituzte, tartean 40 haur eta nerabe”. Gaineratu dute, gaur gaurkoz, Israelgo espetxeetan 4.700 palestinar inguru daudela, eta horietatik 15 adingabeak direla; “800 baino gehiago kargurik eta epaiketarik gabe daude preso”. Eta, gehitu dute, aurten, dagoeneko, “40 palestinarretik gora erail dituela Israelgo ejerzituak”.
Salatu dute, gainera, Israelgo Segurtasun nazionaleko ministro “ultra eskuindarrak” Palestinako bandera espazio publikoetan erakustea debekatu duela, “errepresioan, lurrek okupazioan eta jazarpenean segituko dutela adieraziz”. Hori guztia nazioarteko komunitateak “ezer esan eta egin barik” egiten duela adierazi eta horren kontra agertu dira plataformakoak.
“Mendebaldeko Sahara da kolonialismoaren beste adibide bat. Espainiar gobernuak Marokorekin goi gailur bat egin berri du, eta azken honek Sahararekiko interesa izatea ulergarri egiten zaiola adierazi du. Gerrara kondenatzean ari dira Saharar herria, bai Marokoren zapalketek, bai Espainiaren konplizitate isilek. Ordainean, Europa hornitzeko Afrikako mendebaldeko kostaldetik joango den petrolio eta gas hodi zirkulu berria dago. Horretarako, noski, Maroko sozio nagusia da”, salatu dute.
Horien guztien aurka egiteko, herritarrei elkarretaratzera bertaratzeko deia egin diete.