Gernika SD, olatuaren gorenean
Gernika SD RFEF 2. mailako bigarren postuan kokatuta dago. Azken zortzi partiduetan, jarraian lortutako sei garaipen, porrot bakarra eta azken jardunaldiko garaipena poltsikoratu dituzte. Hurrengo partidua zapatuan jokatuko dute, Logroñon, Racing Riojaren kontra.
RFEF 2. mailako lehen itzulia amaitu eta bigarrena abian ipini berritan, Gernika SD futbol taldea sasoi puntu bete-betean dago. Sailkapeneko bigarren postuan daude kokaturik, lidertzan dagoen Sestao Riverrengandik zortzi puntutara; gaur-gaurkoz, sestaotarrak taulan 42 puntugaz ageri dira, eta gernika-lumotarrak, ostera, 34gaz. Cirboneroren eta Brearen aurkako berdinketekin abiatutako denboraldi hasiera gaitzaren ondoren, Gernika-Lumoko taldeak konpetizioari neurria hartu dio, eta sailkapenean gora egin dute. Dena dela, gaur-gaurkoz, goiko postuetako eta taulako behealdeko taldeen arteko puntu aldea txikia da.
Koldo Berasaluze: “Lehen ateratzen ez zitzaizkigun gauzak orain ondo egiten ditugu”
Gernika SDko kapitaina, Koldo Berasaluze gernika-lumotarra, “pozarren” ageri da taldeak harturiko noranzkoagaz. “Dinamika bikaina erakusten ari gara, eta lehen ateratzen ez zitzaizkigun gauzak orain ondo egiten ditugu. Partiduetako estatistikak horren erakusle argi eta garbia dira: denboraldi hasieran baino gol eta aukera gutxiago jasotzen dugu, eta geuk sareraturikoak, aldiz, gehiago dira”. Errege Kopaz geroztik, taldeak jokoz aldatu duela eta eraldaketa hori fruitua ematen ari dela azaldu du kapitainak: “Leganesen eta Celtaren kontrako Errege Kopako norgehiagokak gako izan ziren talde barruan; konfiantza eta segurtasun aldetik kalitate jauzia egin genuen, eta dena hobeto ateratzen ari zaigu ordutik”.
Garaipen segida.
Gernika SDk azken jardunaldietan poltsikoratutako emaitzak oso nabarmenak dira. Izan ere, sei partidutan garaipena poltsikoratu zuten jarraian, lehen itzulia “aho zapore bikainagaz amaitzeko”. Ondoren, duela aste bi, Brearen aurka 1-0 galdu zuten, baina astebete baino ez zuten behar izan hegaldiari berrekiteko; hain zuzen ere, 4-0eko markagailu zapaltzaileagaz gailendu ziren Arnedoren kontrako partiduan. Lehiaketako bigarren itzuliari, horrenbestez, “indarrez eta konfiantzaz gainezka” helduko diote. Horrez gain, lesio luzeekin min hartuta zeuden jokalariak apurka-apurka “taldeko lanera bueltatzen hasiak daudela” adierazi du Berasaluzek.
Logroñoko Racing Riojaren kontra jokatuko dute zapatuan
Ligako hurrengo partidua Logroñoko Racing Rioja taldearen kontra jokatuko dute, etxetik kanpo; zapatuan daukate hitzordua, 17:00etan. Talde errioxarra, sailkapeneko goiko postuetan kokatuta egon ez arren, “aurkari sendoa eta lehiakorra” dela azaldu du gernika-lumotarrak: “Kalitatezko jokalariak dituzte eta, gainera, oraintsu entrenatzaile aldaketa egin dute. Beraz, beren burua aldarrikatzeko gogotsu egongo dira eta gauzak asko zailduko dizkigute”.