343 haritz landatuko dituzte Trama baserriaren inguruan, pandemian jaiotako haurren omenez
Haritzak birlandatzeko asmoz sortu da ideia, Trama baserriaren inguruko ia bi hektareak pinu eta eukaliptoz beteta baitaude. Toki administrazioak duela urte batzuk eskuratu zuen eremu hori, eta haritzez bete gura dute.
Gernika-Lumoko Udalak Trama baserriaren ingurua berritu gura du, eta, horretarako, birlandatze kanpaina abiatuko du. Hain zuzen ere, pandemiak iraun duen hiru urteetan jaiotako 343 ume gernikarren omenez egingo dute birlandatze kanpaina hori; izan ere, 2020an 102 haur jaio ziren, 2021ean 108 eta 2022an 133. Proposamena baina, hurrengo urteetan jaiotako gainerako umeei ere zabalduko zaie, “mila haur osatu arte”.
Hori dela eta, martxoaren lehen hamabostaldian 2020tik 2022ra bitartean jaio diren ume bakoitzeko haritz bat landatzea proposatuko diete udal ordezkariek herriko gurasoei: “Trama baserriaren lurretan zuhaitz bat babestu nahi duten familiei dei egingo zaie udalak antolatuko dituen lanketa jardunaldietan parte hartzeko, ziurrenik martxoaren lehen hamabostaldian”.
Ideia, hala ere, haritzak birlandatzeko asmoarekin sortu da, Trama baserriaren inguruko ia bi hektareetako lurrak pinu eta eukaliptoz beteta daudelako. Jakinarazi dutenez, toki administrazioak duela urte batzuk eskuratu zuen eremu hori, eta pinu eta eukaliptoz beteta dagoen eremuan tokiko zuhaitz espezieak landatu gura dituzte: bertoko zuhaitz espeziekin gune biziberritu gura dute.
Jakinarazi dure 300 haritz ale baino gehiago erosteak 4.800 euroko kostua izango duela.