Goi mailako esku pilotaz gozatzeko aukera
Barikuan Garferen binakako txapelketako partidua hartuko du Santanapek: Elizalde eta Azpiazu Arteaga II.aren eta Irustaren kontra ariko dira. Ostean, bestelako partidua jokatuko dute Retegi II.ak eta Galarzak, Etxebarria II. nabarniztarraren eta Aldaberen aurka.
Santanape pilotalekua puntako pilotarien ikuskizunaren kokaleku izango da asteburuan: etzi, Garfeko pilotariak zein baino zein gehiago ariko dira, 19:30etik aurrera. Binakako bi partidu jokatuko dituzte. Lehendabizikoa Garferen binakako txapelketarako baliagarria izango da. Bigarrena, aldiz, txapelketaz kanpoko norgehiagoka izango da, eta bertan parte hartuko du Aitor Etxebarria aurrelari nabarniztarrak. Etxebarria II.ak Joseba Aldabegaz bikote egingo du, eta puntako aurkariak edukiko dituzte aurrez aurre: Julen Retegi (Retegi Bi) eta Ladis Galarza.
Etxebarriak “partidu gogorra” aurreikusten duela adierazi du, baina “sasoi bikainean” iritsiko dela azaldu ere bai: “Azken asteotan, sentsazioak lagun ditut, eta eskuetatik ere sasoiko nagoela esango nuke”. Frontoiko atzealdeko koadroetan bikotekide “oso fidagarria” edukiko du Nabarnizkoak. “Aldabe atzelari oso trebea da, guztiz jotzailea; bere helburua aurkarien ekinari eustea eta neuri pilotak iristea izango da, nik ahal beste errematatu ahal izateko”. Retegi eta Galarza ondo ezagutzen ditu Etxebarriak: “Iazko udan hasi ziren Garfegaz jokatzen, eta, horrenbestez, jadanik ezagun ditugu; pilota ezker-eskuma eta kontrara mugitzen saiatuko dira, eta gu beraien erasoaldiei erantzuten saiatu beharko gara”.
Aitor Etxebarria: “Retegik eta Galarzak pilota ezker-eskuma eta kontrara mugitzen dute; gu beraien erasoaldiei erantzuten saiatu beharko gara”
Lehenengo partiduari dagokionez, norgehiagoka horren erakargarri nagusietako bat, Ugaitz Elizaldegaz batera, Josu Irurita pilotari nafar gazteak egin behar zuen debuta zen, baina, egunotan eskuetan edukitako arazoak tarteko, azkenean ezin izango du jokatu; bere tokia Julen Aizpuruk hartuko du. Aurrez aurre edukiko dituzte Axier Arteaga (Arteaga II.a) gipuzkoarra eta Aitor Irusta munitibartarra.
Aurkari gogorrak.
Irustak partidu “gogorra eta orekatua” izango dela aurreikusi du: “Akats gutxien egingo duen bikoteak lortuko du garaipena”. Arteaga II.ak eta Irustak “motibazioz gainezka” hartuko dute partidua. Izan ere, binakako txapelketan jokatutako partidu bakarra sendotasunez irabazi zuten, “horrek dakarren konfiantzagaz”. Bere bikotekideari buruz galdeturik, Munitibarkoak azaldu du “pilotari errematatzailea” dela: “Trebea da jokaldiak borobiltzen, baina horretarako pilotak iritsi egin behar zaizkio; alor horretan, egiteko handia neure esku egongo da”. Elizalde eta Aizpuru pilotari “gogaikarriak” direla argitu du Irustak: “Partiduari erritmo itogarria ezartzeko gai dira, eta, egun ona edukiz gero, Elizalde abila da tantoak amaitzen ere”.
Aitor Irusta: “Elizaldek eta Aizpuruk partiduari erritmo itogarria ezartzeko gai dira”
Atzelari munitibartarrak, bestalde, bigarren partiduaren irakurketa ere egin du: “Izen aldetik, Retegi eta Galarza gehiago dira, baina, apustu egin beharko banu, Etxebarriaren eta Aldaberen alde egingo nuke. Batetik, Aldabek gogor ematen dio pilotari; bestetik, Etxebarria oso fin aritzen da aurrean, bizkortasunez, tantoak borobiltzeko. Hortaz, nik neuk Etxebarria eta Aldabe, beste bikotearen sona gorabehera, hautagai dira“.