Bilketa gune handietan edukiontzi marroiak jarri ditu Ajangizko Udalak
Edukiontzi marroiak jarri ditu Ajangizko Udalak zabor bilketa gune handietan: Mendietan, Kanpantxuko plazan eta Maierren. Gaur gaurkoz, 24 etxebizitza ari dira parte hartzen.
Ingurumen eta birziklapenagaz duen konpromisoa handitzeko eta indartzeko helburuz, edukiontzi marroiak jarri ditu Ajangizko Udalak zabor bilketa gune handietan: Mendietan, Kanpantxuko plazan eta Maierren.
Zerbitzua martxan jarri orduko, zabor bilketa honetan parte hartu nahi zuten ajangiztarrek izena emateko aukera izan zuten, eta gaur gaurkoz, 24 etxebizitza ari dira parte hartzen; horien artean daude Mendietako zein Kanpantxuko elkarteak eta herriko taberna.
Guzti horiei, udalak edukiontziaren giltza, etxerako edukiontzi marroi txikia eta konposta egiteko poltsak banatu dizkie, etxebizitza bakoitzeko bana.
Herritarrek birziklatzeko hautua “aspalditik” zeukatela dio Koldo Carbonell alkateak, edukiontzi marroia jarri aurretik askok eta askok konposta euren etxeetan egiten zutelako: “Desberdina da hondakin organikoa birziklatzeko aukera hirigunean edota landa eremuan. Ajangizen, hainbatek egiten dute konposta etxeetan, eta, horregatik, bilketa gune handietan jarri ditugu edukiontziak”.
Carbonelek jakinarazi du aldundiaren diru laguntza jaso dutela, baina udala arduratuko dela edukiontzietako zaborra batzearen kostuaz eta birziklapen egoki bat egiteko informazioa banatzeaz. Hain zuzen ere, diptiko dibulgaitzaileak banatu ditu, edukiontzi marroien funtzionamenduaren berri emateko: “Kanpainaren helburua da materia organikoaren edukiontziak zelan ibili azaltzea, baita berrerabilera eta birziklapena areagotzea ere”.