Mailako neurria, Euskal Kopako bigarren kanporaketarako
Gernika Futbol Salak Zierbena hartuko du eguenean, Santanapen, Euskal Kopako bigarren kanporaketan. Maila bat gorago jokatzen du Zierbenak, eta kanporaketa "oso gaitza" izango dela aurreratu dute.
Gernika Futbol Sala sasoiko dago. Hirugarren mailako liga sailkapenean hirugarren postuan daude, Bigarren B mailara igotzeko lehian bete-betean sarturik. Horrez gain, Euskal Kopako borrokan ere murgilduta daude, eta, hain zuzen ere, txapelketa horretako bigarren kanporaketa jokatuko dute eguenean, Zierbenaren aurka. Ez dute ogibide errazik edukiko gernika-lumotarrek, Zierbena eurak baino maila bat gorago jokatzen ari den taldea baita. Dena dela, taldetik adierazi dute neurketarako “prest eta motibatuta” daudela. Gainera, etxeko ikusleen aurrean jokatuko dute, Elorrietakoren kontrako kanporaketan bezalaxe; 20:00etan izango da, Santanapeko kantxan.
Zierbenak Gernika Futbol Salak baino maila bat gorago jokatzen du, Bigarren B mailan
Gernika Futbol Salako jokalariak bat datoz beraien arerioa definitzerakoan. “Bigarren B mailako taulako bosgarrenak dira, eta azken partiduetan dinamika oso onekin ari direla frogatu dute; beraz geure aurpegirik lehiakorrena erakutsi beharko dugu beste behin”, adierazi dute. Zenbait jokalari, bestalde, ezagutzen dituzte, Hirugarren mailan jokatzen ibilitakoak baitira: “Taldea bera askorik ezagutu ez arren, jokalari horiek zelan jokatzen duten jakin badakigu, eta hori geure alde baliatu beharko dugu”. Partidu bakarreko kanporaketa izango denez, Gernika Futbol Salakoei garaipenak baino ez die balioko, lehiaketa aurrera egin ahal izateko. Horixe da, gaur-gaurkoz, denboraldiko jomugetako bat: “Euskal Kopan aurrera egiteko moduko taldea daukagu, baina, guztiaren gainetik, gozatzea eta borrokalari agertzea bilatuko dugu; argi dago Zierbena dela hautagai nagusia, baina ez dizkiegu gauzak erraz utziko”.
Liga igoera, helburu.
Ligako hirugarren postuan kokatuta dago Gernika Futbol Sala, eta “egoera fisiko bikainean”. Joan den asteburuan 6-4 irabazi zioten Labastidari, hain zuzen: “Bigarren B mailatik jaitsitako taldea da, oso lehiakorra, eta partidua sendotasunez eskuratzeko gai izan ginen”. Taldekideek denboraldi hasieran Bigarren B mailara igotzeko jomuga ezarri zioten beren buruari, eta erronka horri eusten diote egun. Talde bakarrak egingo du liga igoera, baina hainbaten artean lehiatuko dute. “Play-offak lehiatzen dira sailkapeneko buruan dauden taldeek eta, beraz, liga lehen postuan amaitzeak ez du ziurtatzen dibisioz igotzea. Hori horrela, bide onetik goaz, eta lehian ibiliko gara”.