"Arrakastatsuak" izan dira Hezeguneen Munduko Eguneko jarduerak
Hezeguneak berreskuratzearen garrantzia azaleratzeko aprobetxatu zuten Hezeguneen Munduko Eguna Urdaibai Bird Centerren, eta egun horretarako prestatutako jarduerak "arrakastatsuak" izan ziren antolatzaileen berbetan.
Hezeguneen Munduko Eguna ospatu dute, beste urte batez, Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerren, eta jarduerak “arrakastatsuak” izan direla adierazi dute hegaztien zentroko arduradunek.
Eguenean, hezeguneak berreskuratzearen garrantzia azaleratzeko zuzeneko emanaldi “bereziagaz” hasi zituzten Hezeguneen eguna ospatzeko ekitaldiak Bird Centerren, eta “jendetza” batu zen.
Domekan, gai berbera izan zen antolatu zuten ibilaldi gidatuaren ardatza. Hain zuzen ere, hezegunearen ertzetik igarotzen den ibilaldiari esker, gaian sakondu ahal izan zuten: “Egia esan, ez dago naturan in situ esperimentatzea bezalakorik, honelako gaiak hobetu ulertu ahal izateko”. Zehaztu dutenez, taldeak gertutik ezagutu zuen ekosistema horren hauskorsuna eta garrantzia.
Ibilaldi gidatuaz gain, eraztuntze zientifikoa zelan egiten den erakusteko bi saio ere eskaini zituzten zentroko biologoek. Saio horiek jendeak hegaztien jarraipenaren “garrantzia ulertzeko” balio dutela diote, eta hegazti fauna monitorizatzeko erabiltzen den metodologiaren berri emateko ere bai. Besteak beste, hegaztiei eraztunak jartzeak eta haien jarraipena egiteak “funtsezko habitaten biziraupena bermatzen” lagun dezakeela azaldu dute, hala nola, hezeguneena. “Eraztunak jartzeko prozesua liluragarria da eta gure bisitariei txori txikiak hurbiletik ikusteko aukera ematen die, baita ekosisteman duten garrantziaz jabetzekoa ere”.
Egunak iraun bitartean, gainera, parte hartzaileek Urdaibaiko hezeguneaz gozatu ahal izan zuten zentroko behatokitik: mokozabalak, ahate buztanluzeak, ubarroiak, ahate txistulari ugari eta arrano arrantzaleak ikusi zituzten.