Tumore gaiztoen minbiziak eragindako heriotza tasak behera egin du
2001tik 2021era arteko datuak dira, eta bi sexuetan jaitsi da heriotza kopurua. Osasun sailburuak jakitera eman duenez, heriotzen arrazoi nagusia da oraindik ere minbizia. Adierazi du prebentzioaren eta ikerketaren arloan lanean jarraitu behar dela heriotza tasa jaisteko, biziraupena handitzeko eta pazienteen arreta hobetzeko.
Tumore gaizto guztien minbiziak eragindako heriotza tasak “nabarmen” egin du behera Bizkai, Araba eta Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak emandako datuak dira, 2011etik 2021era arteko epeari erreferentzia egiten diotenak. Hala ere, Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak gogoratu du minbizia dela, oraindik ere, heriotzen arrazoi nagusia. Hala, dioenez, beharrezkoa da lanean jarraitzea, bereziki prebentzioaren eta ikerketaren arloan, heriotza tasa jaisten, biziraupena handitzen eta pazienteei ematen zaien arreta hobetzen jarraitzeko.
Gizonezkoengan minbiziak eragindako heriotza tasak beheranzko joera izan du epe tarte horretan. Adierazi dute 2011 eta 2014 artean urteko %0,9 jaisten zela heriotza tasa –100.000 biztanletik 438 hiltzen ziren 2001ean–, eta, 2014tik aurrera, berriz %2,6koa zela jaitsiera tasaren bataz bestekoa –321,1 hiltzen dira 100.000 biztanleko).
Tarte horretan, gizonezkoetan nabarmen jaitsi da laringeko, urdaileko, aho barrunbeko eta faringeko, esofagoko, prostatako eta giltzurruneko minbiziak eta ez-Hodgkin linfomakoak eragindako heriotza tasa. Osasun saileko datuen arabera, besikula eta behazun bideetako minbiziak 2013tik egin dy behera nabarmen, eta 2012tik, berriz kolon ondestekoak. Maskuriko minbiziaren heriotza tasa 2015tik jaitsi da gehien, eta biriketakoa, 2007tik.
Bestalde, gizonezkoen heriotza tasak nabarmen egin du gora nerbio sistema zentraleko eta pankreako minbizien kasuetan. 2009tik, gainera, mesoteliomaren kasuan ere igo egin da heriotza tasa. Leuzemia eta gibeleko minbizien kasuan, berriz, 2016ra arte eta 2018ra arte igo zen, hurrenez hurren.
Emakumeen heriotza tasaren beherakada ez da hain esanguratsua izan: urtean %0,3koa izan jaitsiera tasaren bataz bestekoa. Zehaztu dutenez, 2001eko 177,3ko tasatik 2021eko 160,3ko tasara jaitsi da.
Hogei urteko epe horretan, emakumezkoetan nabarmen jaitsi da besikulako eta behazun bideetako, urdaileko, bularreko eta ez-Hodgkin linfomako minbiziak eragindako emakumeen heriotza tasa. Bestalde, nabarmen igo da, aho barrunbeko eta faringeko, pankreako eta maskuriko minbiziak eragindako heriotza tasa.