Organo emaile izatearen garrantziaren kontzientzia pizteko kalera atera dira Mertzede Ikastetxeko ikasleak
Ikasgeletatik atera, eta kalean euren ezagutza partekatzen ari dira Mertzede Ikastetxeko ikasleak gaur (otsailak 2). Organo-emateari buruzko informazioa zabaltzen ari dira, Bizkaiko Alcer elkartekoekin elkarlanean, eta, besteak beste, emaile izateko bete beharreko txartelak banatzen dabiltza.
Txandaka eta taldetxoetan banatuta, hezkuntza zentroaren inguruko kaleetatik ari dira herritarrei azalpenak ematen; esaterako, Gernikako Ospitale aurrera ere hurreratu dira. 17:00ak aldera arte kalean egongo direla jakinarazi dute.
Ikasleak eurak kontzientziatzearen zein herritarren artean kontzientzia piztera animatu izanaren garrantzia azpimarratu dute Belen Herrera Bizkaiko Alcer elkarteko presidenteak eta Karmele Cabrera presidenteordeak: “Guk normalean nagusiekin egiten duguna da, gizartea kontzientzitzeko kalera ateratzea, eta ikastetxe baten ekimenez, umeak kalera atera, eta organo-ematea zer den eta emailea nor izan daitekeen eta nor ez azaltzeko gai izatea oso interesantea da”. Bizkaiko elkartean ia 900 bazkide direla azaldu dute.
Elkarteko presidenteordeari giltzurruneko transplantea egin zioten orain dela 23 urte, eta ume-umetatik kontzientzia izatearen garrantziaz mintzo da: “Halako gauzetarako oso altruistak gara Euskal Herrian. Umetatik organoak eman behar direla kontzientziatzea ezinbestekoa da, organoak behar dituen jende asko baitago, eta, agian, noizbait euren senide edo lagun batek ere beharrizan hori eduki lezake”.
Gogoratu dutenez, “legez, denok gara organo-emaileak”, baina, azken hitza familiak dauka beti. Kontzientziazio kanpaina hauek gaiari buruz familian berba egin behar dela jendeak jakiteko balio dutela uste dute.