Hain zuzen ere, zerbitzuan 20 urte daramaten lau agente eta 30 urte daramaten beste hiru omendu dituzte.

Bermeoko Udalak zazpi udaltzainen lana aitortu du; hain zuzen ere, zerbitzuan 20 urte daramaten lau agente eta 30 urte daramaten beste hiru omendu dituzte.
Sei gizon eta emakume bat dira aitortza jaso dutenak, eta diploma eta oroigarri bana jaso dituzte Aritz Abaroa Bermeoko alkatearen eskutik, “egindako lana eta horien ardura eskertzeko”.
Ekitaldian gainontzeko lankideek ere parte hartu zuten, eta alkateak eta Aritz Flores udaltzain buruak, balioan jarri zuten “agenteek beren ibilbide luzean egindako lana eta profesionaltasuna”. Bermeoko Udalaren izenean berba egin zuen alkateak, eta Udaltzaingoak egunero bermeotar guztien “ongizatea eta segurtasuna zaintzeko” egiten duen “lan nekaezina eskertu” zuen: “Udalerriko bizi kalitatea hobetzen laguntzeko egin duten lana ezinbestekoa izan da, eta izango da. Izan ere, 20 eta 30 urteko ibilbideak agerian uzten du agenteek bermeotarrei laguntzeko duten bokazioa. Zalantzarik gabe, hurbiltasunetik, guztion segurtasunaren alde lan egiten eta kalitatezko zerbitzu publikoa bermatzen duten beharrezko figurak dira. Gure helburua gertuko Udaltzaingo bat izatea da; herritarrentzat erreferentziazko zerbitzua dena eta herritarrei laguntzeko dagoena”.
Bestalde, udaltzain buruak talde “eredugarria” dela aipatu zuen, Bermeo herri segurua izan dadin egunero lanean jarraituko dutela gaineratu zuen, baita ere bermeotarren bizi-kalitatea hobetzeko.
Omenaldia agenteek 20 eta 30 urte betetzen dituzten udalerri guztietan egiten da, eta Bermeon horrelako ekitaldi bat egiten den lehen aldia da.