Nabarniz Jatetxea, Euskadiko Txapeldun
Nabarniz Jatetxeak irabazi du Euskadiko Zaldi Proba Txapelketa. Etxeko zaldi probetan gailendu ostean, nabarniztarrak nagusi agertu dira Kortezubiko saioan.

Nabarniz Jatetxea sasoiko eta boladan dago. Nabarnizko, etxeko, zaldi proba txapelketan jaun eta jabe agertu ondoren, garaipena eskuratu zuen joan den domekan, Kortezubin lehiaturiko Euskadiko Zaldi Proba Txapelketan. Kepa Zubizarreta nabarniztarrak ordezkatu zuen Nabarniz Jatetxea, eta nagusi izan zen, goi-mailako partaidetza eduki zuen lehian.

Kepa Zubizarreta nabarniztarra, bere zaldiagaz. Argazkia: Zabalidxo baserria.
Zubizarretaren zaldiak 66 untza egin zituen, ordu erdian. Bigarren postuan, 65egaz, Ivan Orozco sailkatu zen; podiumeko hirugarren postua, aldiz, Juan Uriartek eskuratu zuen, 46 untzagaz. Giro bikaina nabarmendu zen Kortezubiko probalekuan. Lehiaketa 18:00etan ipini zuten abian, baina, ordubete lehenago egindako zozketa eta pisaketatik, ikusleek berotasuna eman zieten parte hartzaileei. Zubizarretak Euskadiko txapeldunaren txapela eta irabazleari dagokion txalma jaso zituen, behin proba amaiturik.