Gernikako ospitalean oheak jartzearen eskaerari eutsi diote Muruetan ere
Gernikako Ospitalean oheak jartzearen aldeko plataformak eta Busturialdeko eta Leako Pentsiodunen Mugimenduko kideek Gernikako Ospitalean oheak jartzeko eskaera plazaratu dute Muruetako kontsultategiaren inaugurazioan, eta euren eskaera jasotzen duen gutuna eman diote Urkulluri. Ertzaintzak identifikatu egin ditu, eta zigor ekonomiko bat jaso dezaketela diote.
Muruetako kontsultategi berriaren inaugurazio ekitaldian izan dira Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Gotzone Sagardui Osasun sailburua, eta Gernikako Ospitalean oheak jartzearen aldeko plataformak eta Busturialdeko eta Leako Pentsiodunen Mugimenduko kideek Gernikako Ospitalean oheak jartzeko eskaera plazaratu dute bertan, Foruko kontsultategiaren inaugurazioan egin modura. Euren eskaera jasotzen duen gutuna eman diote Lehendakariari, baina protestan ari zirela, ertzainek identifikatu egin dituztela salatu dute, baita zigor ekonomiko bat jaso dezaketela esan ere.
Plataformakoek gogoratu dute ospitalearen hasierako proiektuak 70 ohe aurrikusten zituela hirugarren solairuan, baina hutsik jarraitzen duela. Hain zuzen ere, solairu hori erabat hutsik zergatik mantentzen duten galdetzen dute gutunean.
Gainera, gutun horretan adierazi dute ez dituztela nahi Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak iragarritako ohe soziosanitarioak, “ohe horiek ez dituztelako Kronikoen Ospitale baten zerbitzuak ematen”. Diotenez, ohe horiek egoitzek eskaintzen duten zerbitzuak eskaintzen dute, eta eskualdeak Azpiakutuen eta Aringarrien Unitatea behar duela diote, “dagokion lan talde sanitarioagaz eta ez sanitarioagaz”.
Aldundiak bere zerbitzu propioak bere gain hartu eta finantzatu behar dituela diote, eta Osakidetzak, berriz, bereak: “Ohe guztiak beharrezkoak dira, baina erakunde bakoitzak bere gain hartu beharko du dagokiona”. Lehendakariari erantzunak nahi dituztela adierazi diote.