Kenyan eskola bat eraikitzeko elkartasun bilketa egingo dute Astran
Bihartik domekara bitartean eskola proiektuarentzako materiala bilduko du Harriz Herri Kolektiboak. Herritarrei parte hartzeko deia egin diete.
Harriz Herri kolektiboaren egungo erronka da Kenyan eskola bat eraikitzea. Izan ere, eremu azpigaratuetan ekipamenduak eraikitzeko asmoagaz ekitaldiak sortzen dituen kolektiboa da, eta, orain, Kenyako Mbogoloko herrian eskola bat eraikitzeko lanean ari da. Hain zuzen ere, eskola hornitzeko materiala bidaltzeko edukiontzia bidaliko dute, eta hori betetzeko elkartasun bilketa antolatu dute Astran, bihartik domekara bitartean, 17:30etik 20:00erako ordutegian.
“Eskolako sukaldea eta janlekua eraikitzeko Kenyara joango gara, eta eskola materialagaz eta gehiagogaz betetako edukiontzia bidali gura dugu”, adierazi dute antolatzaileek. Hori betetzeko, baina, herritarren laguntza behar dute, eta gernikarrei zein inguruko bizilagunei ekarpenak egiteko gonbidapena egin diete.
Hala, materiala biltzeko gunea egokitu dute Astran, eta, zehaztu dutenez, bildutako guztiak eskola garatzera bideratuko dira, zuzen zuzenean.
Beharrezkoak dituzten materialen zerrenda egin dute, eta horiek batzea dela asmoa adierazi dute. Eskolako materiala eskatu dute, baita arropa, ekipamendu medikoa, higiene pertsonalerako produktuak, jostailuak edota mugikorrak ere.