Finalaurrekoan nagusi, finalean hautagai
Olatz Arrizabalagak eta Uxue Osesek 22-8 irabazi dute Bizkaia Torneoko finalaurrekoa, Madalen Etxegarairen eta azken orduan Enara Gaminde ordezkatu zuen Irati Zabalaren kontra. Finala otsailaren 10ean jokatuko dute, Amaia Aldairen eta Nora Mendizabalen aurka.
Olatz Arrizabalagak eta Uxue Osesek Bizkaia Torneoko finalerako txartela lortu zuten joan den zapatuan, Zallako Mimetiz pilotalekuan. Izan ere, txapelketa horretako finalaurrekoa 22-8 irabazi zuten Irati Zabalaren eta Madalen Etxegarairen kontra. Partiduaren noranzkoa, baina, oso alde ipini zitzaien hura hasi orduko: Enara Gamindek ezin izan zuen jokatu, gaixotasun bat tarteko; horrexegatik ordezkatu zuen Zabalak. Azken orduko aldaketa horrek, Arrizabalagak adierazi legez, “izugarri baldintzatu zuen” partiduaren nondik norakoa.
Gernika-Lumoko aurrelariak azaldu du aurkariek ezin izan zutela egin prestatuta zeukaten estrategia: “Uxuek eta biok ondo genekien, Enarak jokatuz gero, pilotak atzealdera kargatzen saiatuko zela, hau da, ni jokotik ateratzen; dena dela, Irati ez da Enara bezainbesteko atzelari jotzailea, eta ez zen gai izan pilotakadetan nagusi agertzeko, oraindik hazten dagoen pilotaria baita”. Sakeak berebiziko esangura eduki zuen partidu osoan zehar; hain zuzen ere, 15-0eko markagailu zapaltzaileagaz hasi ziren irabazten Arrizabalaga eta Oses, eta tanto horietako erdiak gernika-lumotarrak sakez egindakoak izan ziren.
Arrizabalaga eta Oses 15-0 aurreratu ziren; tantoen erdiak sakez egin zituen gernika-lumotarrak
Etxegarairi zegokionez, “maila onean baino egoera gaitzean” ikusi zuela argitu du Arrizabalagak. Zenbait tanto on borobiltzeko gai izan baldin bazen ere, markagailuan “oso atzetik” egon ziren uneoro, eta, Zabalak jokoa atzealdean kargatu ezin izan zuenez, Arrizabalagak hainbatetan dominatu ahal izan zuen aurrealdean. “Madalenek partidu txukuna egin zuen, baina ez zeukan ogibide batere errazik. Jokaldiak gehien interesatzen zaizkidan legez iristen zitzaizkidan, eta, horrenbestez, ez nion aukera handiegirik utzi, bere jokoa egin zezan”.
Olatz Arrizabalaga: “Madalenek partidu txukuna egin zuen, baina ez zeukan ogibide batere errazik”
Arrizabalagak eta Osesek Amaia Aldai eta Nora Mendizabal topatuko dituzte Bizkaia Frontoian egingo den final handian. Enara Gaminde kenduta, beraz, iazko lau finalistetako hiru azken txanpara iritsiko dira aurtengo Bizkaia Torneoan ere. Otsailaren 10ean daukate hitzordua. “Aurkari benetan gogorrak” izango direla argitu du aurrelariak, baina baita “irabazteko modukoak” ere. Txapelketako bigarren jardunaldian, 22-16 galdu zuten euren kontra Arrizabalagak eta Osesek, baina orduko hartan “egun txarra” eduki zutela azaldu du Gernika-Lumokoak: “Ez genituen sentsaziorik onenak eduki eta, hala ere, aurpegia erakusteko gazi izan ginen. Beraz, finala irabaz dezakegun esperantzaz gaude; lehia gogorra, behintzat, ziurtatuta dago”.
“Aldairen eta Mendizabalen kontra galdu genuenean, egun txarra eduki genuen; hala ere, aurpegia erakusteko gai izan ginen”
Master Laboral Kutxa txapelketari begira.
Bizkaia Torneoa denboraldiko helburu nagusiaren “prestakuntza saio” gisa planteatu du aurten Arrizabalagak. Izan ere, iaz irabazitako Master Laboral Kutxa txapelketan poltsikoraturiko garaipena berretsi gura du. Aldaigaz bikote eginez lortu zuen hura, eta Andrea Capellanegaz ariko da aurten. Atzelari errioxarragaz hainbat partidu jokatu ditu denboraldian zehar eta, hortaz, “sobera” ezagutzen dute elkar. Oraindik jokatzeko data finkorik ez duten arren, “prestaketa espezifikoetan bete-betean murgilduta” dago bikotea.