Eduardo Maidagan: "Irabazi arren, denboraldiko partidurik txarrena jokatu dugu"
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak 43-13 irabazi dio La Vilari. Basurdeen denboraldiko lehen garaipena da. Domekan Les Abelles taldearen aurka jokatuko dute; hori ere, La Vila modura, zuzeneko aurkaria dute.
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak 43-13ko markagailuagaz irabazi zion zapatuan CR La Vila taldeari, Ohorezko Mailako hamaikagarren jardunaldiko partiduan. Etxekoen aurrean denboraldiko estreinako garaipena poltsikoratu zuten basurdeek, zuzeneko aurkari baten kontra. Garaipenari esker, gernika-lumotarrak hainbeste behar dituzten bost puntuak eskuratu zituzten, datozen jardunaldiei begira oso baliagarriak izan daitezkeenak.
Partidua irabazi arren, taldeko entrenatzaile Eduardo Maidagan bere jokalariekin oso kritiko azaldu da. Joko aldetik, “urteko partidurik txarrena” izan zela adierazi du, eta ez da pozik agertu zelaian ikusi zuenagaz. Valentziarrak izan ziren zapatuan aurrea hartzen lehenengoak: Thomas Smithek zigor ostiko bat ondo zukutu zuen. Etxekoak, beren aldetik, gehien interesatzen zitzaizkien egoerak bilatzen saiatu ziren; lehen minutuetan, Juan Pablo Demargasso eta Matias Jantus giltzarri izan ziren, beraiek ezarri baitzuten 7-3koa. La Vilakoek gogor estutu arren, basurdeek bizkor ulertu zuten atsedenaldira aurretik joateak taldearen moralarentzat “garrantzia izugarria” zuela, eta martxa bat gehiago eman zioten norgehiagokari. Hanno Snymanek eta Johannes Gousek entsegu bana lortu zuten, eta 19-13koagaz joan ziren aldageletara.
Eduardo Maidagan: “Uste dut ez genuela geure benetako maila erakutsi; goi-mailan egin ezin daitekeen akats pila bat egin genuen”
Maidaganen arabera, lehen zatia izan zen bere taldearentzat gogorrena: “Atsedenaldia markagailuan aurretik gindoazela harrapatu genuen arren, uste dut ez genuela geure benetako maila erakutsi; goi-mailan egin ezin daitekeen akats pila bat egin genuen, eta zati hori ez nuen batere asebeteta amaitu”. Bigarren zatiaren hasieragaz, egoera hobetu egin zitzaion Gernika RTri: arerioen urduritasuna baliatu zuten eta, gainera, Jantusek eta Hendrik Victor Winterbachek beste entsegu bi egin zituzten. Zenbait aldaketa egin ostean, azken minutuetan nagusi agertu ziren etxekoak, hori bai, zenbait akats eginez. Markagailuak 43-13koa erakutsi zuen neurketaren amaieran, Gernika RTren alde. Urteko lehen garaipena etxean eskuratu zuten, taldeak gura baino “dezente beranduago” baldin bada ere.
Beste final bat.
Domekan, 12:00etan, zuzeneko beste aurkari baten kontra jokatuko dute, hamabigarren jardunaldian. Les Abelles edukiko dute aurrez aurre basurdeek. “Urbietagaz zerikusirik ez duen zelai sintetikoan jokatuko dugu, uste baino sendoagoa den taldearen kontra; beraz, espero dut zapatukoa baino joko hobea egitea. Osterantzean, jai izango dugu”, adierazi du Maidaganek. Les Abellesi buruz galdetuta, erasoaldietarako “jende handia” dutela azaldu du gernika-lumotarrak, jokalari “benetan arriskutsu” batez gain: “Ostikada bikaina daukan hamar bat dute. Hurretik jagon beharko dugu; egundoko mina egin diezaguke”.
Antton Zearreta eta Jon Gurtubai jokatzeko moduan egongo dira Les Abellesen aurkakoan
Helburu argi askoa dute: behin garaipena ezagututa, dinamika horretan segitzea. Izan ere, argitu duenez, ligako bigarren itzuliko partiduak “asko hobeto” egokitzen zaizkie, eta denboraldiko une horretara zita gogorrenetan ahalik eta puntu gehien eskuratuta heltzea “hil ala bizikoa” dute. Les Abellesen aurkakorako, Antton Zearreta busturiarra eta Jon Gurtubai jokatzeko moduan egongo dira, beren lesioak atzean utzita. Bertie de Bod hegoafrikarra, ostera, otsail erdirako eskuragarri izatea aurreikusten dute taldean.