Diego Beaskoetxeak eta Imanol Lopezek Jai Alai Winter Seriesko finalerako txartela eskuratu dute, lehen finalaurrekoan Jean Dominique Olharan eta Thibault Basque 0-2 garaitu ostean. Bigarren finalerdia datorren astelehenean izango da; Iñaki Osa Goikoetxeak eta Nicolas Etxetok Xabier Barandikaren eta Unai Lekerikaren kontra neurtuko dituzte indarrak.
Diego Beaskoetxea gernika-lumotarrak finala jokatuko du bere profesional ibilbideko azken txapelketan. Gernika-Lumotar beteranoa, Imanol Lopez atzelari zumaiarragaz batera, nagusi agertu zen atzoko Jai Alai Winter Seriesko lehen finalaurrekoan, ligaxkan porrotik jaso ez duten Jean Dominique Olharan eta Thibault Basqueren aurka. Partiduko protagonista nagusia Lopez izan zen: eroso, segurtasunez eta jokaldiak dominatuz agertu zen, Jai Alai katedrala beste astelehen buruzuri batez lepo bete zuten 2.000 ikusleen aurrean.
Argazkia: Markel Suarez.
Partiduko lehen aldeak Olharan eta Basqueren aldekoak izan ziren; pauetarrak suertatu zitzaizkion aukerak bikain errematatu zituen aurrean, bidartar gazteak pilotakadak atzealdeko koadroetara bidali zituen bitartean. 3-1ekoagaz, baina, beteranoek neurria hartu zioten finalerdiari, eta segituan berdindu zuten partidua. Gainera, 3-7raino joan ziren, beren mugimendu estrategia bikainari esker. Izan ere, Lopez atzealdetik aurreratzen aritu zen, Beaskoetxeari laguntza eman asmoz; Gernika-Lumoko aurrelariak, bere aldetik, tantoak borobiltzeko abilezia erakutsi zuen beste behin. Lehen seteko azken tantoan, bikote gorriak Zalantzen Txokoa eskatu zuen, Beaskoetxearen bote bat zela eta; epaileek jokaldia ontzat eman zuten, eta seta 10-15 bereganatu zuten urdinek.
Bikote gorriek Zalantzen Txokoa eskatu zuen lehen setaren amaieran, baina epaileek jokaldia ontzat eman zuten
Gura baina ezin. Bigarren setean, Olharanek eta Basquek kontzentrazio urriagoz jokatu zuten. Jokaldi onak egin nahi zituzten, baina ez zituzten eraginkortasunez gauzatzen. Hori zela eta, beteranoek ez zuten kale egin, eta 0-6ko partzialagaz aurrea hartu zuten. Are, 1-8raino eroan zuten markagailua. Olharanek eta Basquek ez zuten ogibide errazik Beaskoetxearen eta Lopezen kontra. Paueko aurrelaria, hain zuzen, ligaxkako mailatik behera aritu zen eta ez zen izan jokaldiak erraz amaitzen zituen jokalaria, bikoteak gehien behar zuenean.
Argazkia: Markel Suarez.
Gorriek, azken jokaldietan, arriskatu egin zuten, baina beraien ekinak ez zuen aurrera egin. Zortzi tanto egitera ailegatu ziren, baina Beaskoetxea eta Lopez harrezkero urrunegi zeuden, eta uste zutena baino garaipen errazagoa poltsikoratu zuten finalerdian. Ligaxka hanka okerrez hasi arren, eskarmentuak izugarri balio duela frogatu zuten atzo, eta, ondorioz, Jai Alai Winter Seriesko final handian egongo dira, bigarren setean 8-15 irabazita. Olharanek eta Basquek, beren aldetik, txartel hori galdu zuten atzo, baina partidua bukatu ondoren kantxara atera ziren, eta ikusleek jardunaldiz jardunaldi eskainitako ikuskizuna txalo zaparrada amaigabeagaz eskertu zien.
Olharan eta Etxeto kantxara atera ziren partidua amaitu ondoren, eta ikusleek txalo zaparradagaz eskertu zieten egindako txapelketa
Finalaurrekoa orduko, puntista gazteen arteko norgehiagoka batek berotu zituen motorrak. Johan eta Gorka Sorozabal anaia miarriztarrek 2-1 irabazi zieten Alex Goitia markina-xemeindarrari eta Julen Del Rio gasteiztarrari. Lehen seta 9-12 galdu arren, bigarrenean nagusi izan ziren, 12-3 gailenduz. Berdinketa hausteko hirugarren setean, Sorozabaldarrek 5-2 irabazi zuten.
Jai Alai Winter Seriesko bigarren finalaurrekoa datorren astelehenean izango da. Iñaki Osa Goikoetxea zumaiarrak eta Nicolas Etxeto ahetzetarrak Xabier Barandika eta Unai Lekerika gernika-lumotarren kontra neurtuko dituzte indarrak, finaleko bigarren txartela zeinek lortuko ikusteko. Final handiari dagokionez, otsailaren 19an izango da, eta sarrera guztiak saldurik daude.