Milaka pauso, euskal presoen erabateko etxeratzea eskatzeko
Presoen eskubideen aldarrikapenez bete dira udalerriko kaleak zein inguruko baso, tontor eta zelaiak. Euskal presoen erabateko etxeratzea eskatu dute. V. Etxera Trailen edizioak 1.000 pertsona inguru bildu ditu udalerrian.
Zaletasuna elkartasun bilakatuta, euri tantei aurre egin eta mendian gora presoen eskubideen alde egin zuten 1.000 lagunek baino gehiagok atzo, Gernika-Lumon. 1.070 lagunek egunaren aurretik izena eman zuten, eta 138 apuntatu ziren atzo bertan, baina eguraldiaren ondorioz, batzuk ez zirela bertaratu adierazi dute antolatzaileek. Hala ere, Etxera Trailen bosgarren edizioaren balorazio “positiboa” egin dute.
Eskualdean bakarrik ez, Euskal Herri mailan ere urteroko hitzordu bilkatu den lasterketa da Etxera Trail, eta probak duen aldarrikapena gero eta indartsuagoa da. Hori horrela, mendian oinez edo lasterka, pausoz pauso eta kilometroz kilometro, erabateko etxeratzea gauzatzeko pausoak eman zituzten ehunka herritarrek.
Mendizale batu zituen martxa luzea egin aurretik, omenaldia egin zieten antolatzaileek Busturialdeko presoen senideei. Preso eta senideen omenez aurreskua dantzatu, eta Azken Etxera Trail izan dadila zihoen pankarta eskuetan hartuta zeharkatu zuten irteerako lerroa parte hartzaileek. Izan ere, udalerrian egon ez arren, atzokoa bezalako kirol ekimenekin gertuago sentiarazten dituztela adierazi gura izan zuten.
Omenaldiaren ostean, 09:00etan eman zioten hasiera martxa luzeari, eta 10:30ean atera ziren korrikalariak Pasealekutik: 435. Euskal presoak presente, paperezko kartzelaren barroteak apurtu zituzten lasterketaren lehen metroetan korrikalariek. “Lasterketako parte hartzaileen kopurua nabarmen igo da aurten, izan ere, aurreko edizioan 280 korrikalarik parte hartu zuten, eta, aurten, ia bikoiztu egin da kopurua. Martxatik lasterketara saltoa eman dute askok, eta nabarmen hasi da korrikalarien kopurua”, adierazi dute antolatzaileek.
Bai martxa luzeko parte hartzaileek, bai lasteketakoek 16 kilometroko ibilbidea egin zuten atzo, 650 metroko desnibelari aurre eginez. Eta, aurten ere, familia giroan elkartasuna eta kirola uztartzeko aukera eman du Etxera Trailek. Sei kilometroko martxa txikia prestatu dute aurtengo probarako, eta ume zein nagusiak 10:45ean atera ziren Pasealekutik.
Ortubete eta laurden baino gutxiago behar izan zuen lehenengo korrikalariak helmugara heltzeko: Kepa Bastegieta izan zen, ordubete eta 12 minutuko denboragaz, eta berarengandik minutu batera helmugaratu zen Paul Goitisolo. Gizonezkoen podiuma Ekaitz Lejarzegik osatu du. Emakumezkoetan, berriz, Onditz Iturbe izan zen lehenengoa helmugaratzen, ordubete eta 16 minututan, eta atzetik sartu ziren Oihana Azkorbebeitia eta Laiane Arrospide.
Elkartasun keinuak.
Kirolean ez ezik, elkartasuna adierazteko hainbat momentu izan zituzten parte hartzaileek domekan. Jarrera lehiakorra alde batera utzi eta “garrantzia” handia duen aldarrikapenagaz bat egin zuten guztiek. Izan ere, euskal presoen erabateko etxeratzearen mezua zabaltzea da probaren helburua.
Probak amaitu ostean, Pintxopotea egin zuten parte hartzaileek udalerriko tabernetan zehar, eta jendearen parte hartzea nabarmena izan zen.