Eneko Aburruza, gerriko moretik marroira, eta Europako bigarren
Eneko Aburruzak zilarrezko domina irabazi du Europako Jiu Jitsu Txapelketan, Parisen. 64 kiloko eta 30-35 urte arteko master 1 kategorian aritu da, eta gerriko moretik gerriko marroirako jauzia egin du bermeotarrak.
Eneko Aburruzak zilarrezko domina poltsikoratu du Parisen lehiaturiko Europako Jiu Jitsu Txapelketan. Bermeotarrak Las Vegasen eskuratutako gerriko moredun zilarra berretsi du, baina, oraingo honetan, koska bat gorago eginez: gerriko marroiaren jokoan murgilduta ibili da. Aburruzak 64 kilokoen master 1 kategorian hartu du parte, munduko jiu jitsu borrokalaririk puntakoenekin batera; hain zuzen ere, 30 eta 35 urte bitartekoen mailan ibili da lehiatzen.
Eneko Aburruza: Iraganean beste lehiaketa batean irabazi zidan aurkari baten kontra aritu naiz, eta azken borrokaz geroztik izugarri hobetu naizela esan zidan
Bermeokoa “benetan pozarren” agertu da maila bat gorago igo eta Europako Txapelketan zilarrezko donima lortzearren. Lorpenaren zati handi bat “mentalitate kontua” izan dela adierazi du: “Ez dut beste askotan bezainbeste enfokatu prestakuntza lehiaketara; dena dela, lehiara begira izan ala ez, entrenamendu saio oso gogorrak egiten aritu naiz, eta fruitua eman du tatamian egindako lan horrek denak”. Aurkariei dagokienez, “goi mailakoak” izan direla azaldu du Aburruzak: “Iraganean beste lehiaketa batean irabazi zidan aurkari baten kontra aritu naiz, eta azken borrokaz geroztik izugarri hobetu naizela esan zidan amaitu bezain laster; horrek lanean gogor segitzeko motibazioa ematen dit. Horrez gain, munduko txapeldun izandako parte-hartzaile bi ere egon dira”.
Munduko onenekin.
Torneo itxurako txapelketa izan da Europakoa, eta Aburruzak lau borroka egin ditu. Denetan “sasoi eta mentalitate onagaz” sentitu dela argitu du. Gerriko moretik marroirako jauziak beregain dakarren lehiakortasunari dagokionez, “edonork irabazi ahalko lukeela” adierazi du bermeotarrak: “Parte-hartzaile guzti-guztiek egundoko maila eduki dute; igarri dut xehetasun denak jagoten dituztela eta oso indartsuak direla. Hori bai, une batean ere ez naiz txikiago sentitu, eta esango nuke nik neuk ere maila eman dudala“.
“Denboraldi hasierako lehen erronka esanguratsua zen Europako Txapelketa, eta maila handiko aukarien kontra lortu dut bigarren postu hori”
Motibazioak gainezka egin zion Aburruzari, bestalde, bere entrenatzaileak, Enrique Villaseñorrek, 64 kiloko master 4 kategoriako Europako Txapelketan gerri beltza bereganatu baitzuen. Azaldu duenez, bere zilarrezko dominak eta entrenatzailearen garaipenak denboraldi hasiera “bide oso onetik” hasi duela frogatzen du: “Denboraldi hasierako lehen erronka esanguratsua zen Europako Txapelketa, eta maila handiko aukarien kontra lortu dut bigarren postu hori; horrenbestez, oso pozik nago hasiera horregaz, eta indarra ematen dit hurrengo helburu handietarako gogor lan egiteko”.