36ko gerrari eta bonbardaketari buruzko dokumentu berriak bildu ditu dokumentazio zentroak
Gernikako Bonbardaketaren Dokumentazio Zentroak dokumentu berriak aurkitu eta bildu ditu, horien artean inteligentzia txostenak. Raymond Moullec Frantziako Armadako itsas agregatuak bonbardaketatik bizirik atera ziren hogeita hamar bat testigantzetan oinarritutako txostena gorde dute dokumentazio zentroan.
Gernikako Bonbardaketaren Dokumentazio Zentroak berriro ekin dio bonbardaketari eta 36ko gerrari buruz Bizkai, Araba eta Gipuzkoan egiten ari den ikerketa lanari, pandemiaren ondorioz jarduna eten ostean. Hori dela eta, gertaera eztabaidagarri horiei buruz berri ematen duten dokumentu berriak aurkitu eta batu dituzte.
Parisen eta Madrilen egin dituzte ikerketak. Frantziako hiriburuan, Defentsako Artxibo Historikoan eta Saint Deniseko Departamentuko Artxiboan (Frantziako Alderdi Komunistaren funtsak batzen dituena) egin dituzte bilaketa lanak, eta Madrilen, berriz, Alcala de Henaresen dagoen Administrazioaren Artxibo Orokorrean, Artxibo Historiko Nazioanalean eta Casa de Alba Fundazioaren artxiboan.
Dokumentazio zentroko arduradunek jakinarazi dutenez, Frantziako Defentsa saileko dokumentuek informazio “ugari” ematen dute alemaniarrek eta italiarrek erabilitako aireko gerra teknikei buruz, bonbardaketa taktikei buruz, 1937an Bizkai, Araba eta Gipuzkoan gerran parte hartu zuten Luftwaffeko eta Aviazione Legionariako aireontzien txosten eta azterlan deskribatzaileei buruz eta euskal herrietan izandako bonbardaketen ondorioei buruz.
Dokumentu batzuek gerra teknikak eta horien ondorioak jasotzen dituzte
Diotenez, Saint Deniseko artxiboan kontsultatutako dokumentazioa bat dator Raymond Moullec Frantziako Armadako itsas agregatuak Bizkai, Araba eta Gipuzkoan zuen misioari buruz Estatu Nagusira bidalitako informazioagaz. Informazio horrek eskuz idatzitako edo makinaz idatzitako “ehunka” dokumentu, argazki, plano eta bonbardaketei edo bisitatzen zituen herriei buruzko inteligentzia txostenak batzen ditu. Horien artean daude, Moullecek bonbardaketatik bizirik atera ziren 30 lekukoen testigantzetan oinarrituta idatzi zuen txostena.
Alcala de Henaresen dago Administrazioaren Artxibo Orokorra, ikertzaileek beste batzuetan ere bisitatu dutena, baina, oraingoan, Azañaren Artxibo Partikularrean, Julio Alvarez de Vayo Artxiboan, Juan Negrin Artxiboan eta Enbaxada eta Kontsulatuetan egin dituzte ikerketak, zehazki Espainiak Londresen zuen enbaxadan (1936-1939). Artxibo horietan aurkitu dituzte Gernikako bonbardaketari buruzko txostenak eta argazki argitaratugabeak, besteren artean. “Nabarmentzekoak dira hiri irekietan egindako bonbardaketei buruzko dokumentuak, Gernikako bonbardaketari buruzko txostenak, politika ingelesekoak, Espainia Nazionalaren Adiskideek hiribildutik igaro ondoren idatzitakoak, eta Gernika bonbardatuaren argazki argitaragabeak”, adierazi dute dokumentazio zentrokoek.
Frankismoak Londresen argitaratu zuen Informe Herran izeneko txosten ospetsuaren aurretxostena ere aurkitu dutela diote zentrokoek, 1937ko apirilaren 26an Gernikan gertatu zenaren bertsio ofiziala emateko eta iritzi publiko internazionalari begira egindakoa. “Hainbeste kalte egiten zien legenda beltzarekin amaitzeko asmoz egin zuten dokumentua da. Gernikak hain bonbardaketa handia jasan ez zuela eta gorriek su eman ziotela erakusteko zelan egin behar zuten azaltzen zuen aurretxostena, alegia”, argitu dute ikerlariek.
Argitaratu gabeko bonbardaketaren argazkiak ere aurkitu dituzte
Madrileko Artxibo Historiko Nazionalean, berriz, Frantzian Largo Caballeroren gobernuan enbaxadore izan zen Luis Araquistainen funtsa aztertzen jarraitzen dutela diote. “Casa de Alba Fundazioaren artxiboetan ikusi dugu Albako dukea zen Jacobo Fitz-James Stuartek, Londresen Francoren agente gisa eta 1937ko maiatzaren hasieran sortutako The Friends of National Spain delakoaren fundatzaileetako gisa, Gernikako bonbardaketaren egiletzari buruzko eztabaida bultzatu zuela, propaganda nazionala eginez”, azaldu dute. Gaineratu dute dokumentazio hori guztia ikertzaileen eskura egongo dela “hura antolatzeko lanak egin bezain laster”.
Dokumentazioaren tratamendua, ardatz.
Gernikako Bonbardaketaren Dokumentazio Zentroak bi arlo lantzen ditu funtsean: batetik, Gernikako bonbardaketaren eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoako gerrari buruzko ikerketa, eta, bestetik, dokumentazioaren tratamendua, ikertzailentzat eskuragarria izan dadin.
“Duela 20 urte baino gehiagotik, mundu osoko artxibo militar, diplomatiko, publiko eta pribatuetan egiten da ikerketa. Hasieran artxibo horietako sarbidea mugatua bazen ere, apurbat zabaldu da, eta, horri esker, zentro honetan kontsulta daitezkeen dokumentu ugari kontsultatu ahal izan dira”, zehaztu dute dokumentazio zentrokoek. Hala ere, artxibo batzuetan ikerketak irekita jarraitzen du, gaiari buruz duten dokumentazioa “ugaria” delako, eta “ezin izan dutelako kontsulta osorik egin” edo artxibo horietan dokumentu berriak sartu direlako. “Gainera, kontuan izan behar da oraindik ere dokumentu batzuk ezin izan direla eskuratu, bai sailkatuta daudelako, bai frankismoaren garaitik partikularren esku daudelako”, diote. Gogoratu dute Gernikako bonbardaketak milakak dokumentu sortu dituela, bai gatazkan parte hartu zuten herrialdeetan, bai ikusle izan zirenetan.
“Gerrako gertakari eztabaidagarrienetakoa da bonbardaketako aginduaren jatorria, baita hildakoen kopuruari, suntsipen mailari edo parte hartu zuten hegazkinen kopuruari buruzkoa ere”, esan dute ikerlariek. Hala, aurten ikerketa osatzeko lan egingo dutela diote, aipatutako artxiboetako batzuetan zein Aireko Armadaren Artxiboan ere: “Dokumentuekin dauden hutsuneak argitu gura dira, eta ezinezkoa egiten bada, euren existentzia egiaztatzea bilatuko dugu”.
‘Informa Herran’ txostenaren aurre txostena ere aurkitu eta bildu dute
Dokumentazio zentroa Gernikako Bakearen Museoa Fundazioaren zerbitzu publikoa da, eta zehaztu dute bonbardaketaren eta 36ko gerraren azterketan sakondu nahi duten guztiei zabalduta dagoela. Ordutegia astelehenetik barikura artekoa da, baina martitzen eta eguen arratsaldeetan ere zabaldik dago; hala ere, aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da.