'Plazara!' ekimenaren lehen saioa, Gernika-Lumoko Arrano tabernan
Bihar (urtarrilak 27) izango da Plazara! ekimenaren aurtengo lehenengo saioa Gernika-Lumoko Arrano tabernan, 18:30ean hasita.
Badator bertsolari gazteen Plazara! zirkuituaren hirugarren edizioa. Gernika-Lumon abiatuko da bihar (urtarrilak 27), Arrano Tabernan egingo duten bertso saioagaz, eta maiatzera bitartean, hilean behin, Bizkaia osoko hainbat leku bertsoz girotuko dituzte gazteek.
Hain zuzen ere, bi helburu nagusi ditu ekimenak: alde batetik, bertsolari gazteen plazaratzean eragitea, eta, bestetik, beraien arteko saretzea eta talde izaera indartzea. Zehaztu dutenez, parte hartzaileak eurak izango dira saioen antolatzaileak, eta, ondorioz, bertsolari zein gai jartzaile lanetan ariko dira.
Barikuan abiatuko da ekimena, 18:30etik aurrera, eta Arrano taberna bertsoz betetzeko ardura izango dute Beñat Bilbaok, Enare Muniategik, Maite Sarasolak eta Araitz Katarainek. Gaiak jartzen, berriz, Aitor Etxebarriazarraga bertsolaria ariko da.
Iaz ere, taberna inguruan antolatu zuten saioa Lilibertsokoek –aurtengo moduan Arranon elkartu ziren–, publikoa eurengana joan beharrean, eurak hurreratzeko entzuleengana: “Jendea etortzeko eta gertutasun puntua emateko espazio egokiena da taberna. Guk hurbildu gura izan dugu jendearengana”.