Ligari buelta ematen hasteko agertokirik onena
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak CR La Vilaren kontra jokatuko du zapatuan, 16:00etan. Hil ala biziko partidua izango da basurdeentzat aurten Ohorezko Mailari euste aldera, talde valentziarra txapelketako zuzeneko aurkaria baita.
Ohorezko Mailari eustea da Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak daukan aurtengo helburu nagusia. Liga ez dute hanka onez hasi, gaur-gaurkoz ez baitute garaipenik poltsikoratu. Hori dela eta, sailkapeneko azken-aurreko postuan kokatuta daude basurdeak, puntu bakarragaz. Hori guztiori, baina, errotik aldatzen has daitezke datorren asteburutik aurrera. Izan ere, taulan, oraindik puntu barik, atzetik duten CR La Vila talde valentziarra hartuko dute Urbietan. Zapatuan jokatuko dute, 16:00etan hasita. Hil ala biziko norgehiagoka izango da gernika-lumotarrentzat, La Vila ligako biziraupenari begira zuzeneko aurkarietako bat izango baita, zuzenekoena ez bada.
Gabonetako etenaldiaren ondoren, urte partidu esanguratsuekin ipini zuten abian Gernika RTkoek. Pozuelo madrildarren kontra porrot gogorra jaso zuten, haiek ere denboraldi amaieran arerio argiak izan daitezkeelako; jarraian, Ohorezko Mailako egundo liderra, Valladolideko VRAC Quesos Entrepinares, hartu zuten. Taulako lehenaren kontrakoan, Gernika-Lumoko taldeak itxura hobea erakutsi zuen etxeko ikusleen aurrean. Markagailuak 8-22ko porrota bistaratu arren, jokalariek ondo asmatu zuten aurtengo ahuleziarik esanguratsuena konpontzen: azken unera arte maila fisikoari eta jarrerari eustea. Etxekoen aurrean garaipena eskuratu ezin izateak beregain dakarren mingostasunagaz baina, era berean, sentsazio onak berreskuratzen hasteak suposatzen duen motibazio iturriagaz hartuko dute, beraz, La Vilaren kontrakoa.
Eduardo Maidagan: “Jokalariak oso gogotsu daude La Vilaren kontra neurtzeko; ondo dakite egoerarik onena dela denboraldiko lehen garaipena lortzeko”
Eduardo Maidagan Gernika RTko entrenatzaileak adierazi du zapatuko norgehiagoka “motibazioz gainezka” hartuko dutela: “VRACen aurkako partiduko bigarren zatiko jarrera, maila eta dinamikak ikusita, jokalariak oso gogotsu daude La Vilaren kontra neurtzeko; ondo dakite egoerarik onena dela denboraldiko lehen garaipena lortzeko”. Astea liderraren kontrako partidutik berreskuratzeko eta zapatuko zita prestatzeko baliatu dute basurdeek, partiduaren garraintziaren jakitun. “Garaipen bat lortuta, ligako egoera beste begi batzuekin ikusten da; bai taldearen, bai jarraitzaileen moralarentzat guztiz beharrezkoa da”, azaldu du gernika-lumotarrak.
“Geure estrategia aurkariak nekatuaraztea, mugiaraztea eta, batez ere, partiduari abiadura ematea izango da”
Rotazioak zelaian. Bertie de Bod hegoafrikarra, Antton Zearreta busturiarra eta Jon Gurtubai ez ditu eskuragarri edukiko Maidaganek. Horrenbestez, “zenbait aldaketa” egin behar izango ditu zelairatuko duen alineazioan. “Funtsean, iragan asteko partiduan ateratako alineazioaren parekoa izango da, baina planteamendu aldaketa bategaz: VRACen kontra, taktikak defentsatik oinarritzen ziren, eta La Vilaren kontrakorako, ostera, erasoaldietatik abiatuko gara. Beraz, beharbada, zenbait rotazio egin beharko ditugu zapatuan”.
Talde valentziarra “sobera” ezagutzen duten aurkaria da, entrenatzailearen arabera. “Iaz birritan jokatu genuen beraien aurka, eta oso ondo ezagutzen dugu beren jokoa. Esango nuke iazkoa baino apurtxo bat ahulagoa dela beraien aurtengo lantaldea, eta hori ere geure alde baliatu beharko dugu. Dena dela, aurrealdean itzelezko mina egin diezaguken jende handia daukate. Hortaz, geure estrategia beraiek nekatuaraztea, asko mugiaraztea eta, batez ere, partiduari abiadura ematea izango da”, argitu du.