Kros txapelketa berreskuratuko dute aurtengo San Polikarpo jaietan
Tradizio herrikoi handiko jai egun horietarako adin guztietako ekitaldiak antolatu ditu udalak, tartean kros txapelketa, Kantu Koloreren emanaldia eta pilota partiduak.
Herriko zaindaria dute San Polikarpo gautegiz arteagarrek, eta haren omenezko jaiak ospatuko dituzte bihartik domekara bitartean. Tradizio herrikoi handiko jai egun horietarako adin guztietako ekitaldiak antolatu ditu udalak, tartean kros txapelketa, Kantu Koloreren emanaldia eta pilota partiduak.
“Gure patroiaren ospakizuna ekitaldiz beteta dator”, dio Juan Felix Naberan alkateak, eta jaia berreskuratzeko ahalegina egin dutela adierazi du: “Tradizio herrikoi handiko jaia da, eta sentimentu hau belaunaldi berriei ere helarazi gura diegu; horregatik, umeak protagonista izango dira antolatutako jarduera askotan”.
San Polikarpo jaien ospakizunak biharko meza nagusiagaz hasiko dituzte, Andra Mari elizan. Gero, bertaratzen direnek Artie Dantza Taldearen dantza emanaldiagaz gozatuko dute, eta, ondoren, hamaiketako herrikoia eskainiko dute elizpean, kalejira egiteagaz batera.
Zapaturako, berriz, kros herrikoia antolatu du Montorre Eskolako Guraso Elkarteak, umeek ondo pasatzeko eta horiek kirolera gerturatzeko asmoz. 11:00etan hasiko da eta edonork parte har dezake. Kros herrikoiaren ostean, 12:00etan, Gartiape Kirol Klubak antolatutako kros txapelketari ekingo diote. Sei kilometroko lasterketa izango da, eta parte hartzeko beharrezkoa da aurretiaz izena ematea. Horretarako, artiaamt@gmail.com helbide elektronikora mezu bat bidali ahalko da, edo egunean bertan 09:30etik aurrera izena eman beharko da.
“Aurten garrantzitsua da baita ere herrian eta eskualde mailan garrantzi handia daukan kros txapelketa berreskuratzea. Izan ere, duela urte batzuk parte hartze handia zeukan ekimenak, eta udalerriko kirol egutegian finkatuta zegoen jarduera berreskuratzea suposatzen du”, nabarmendu du alkateak. Krosa “osasungarria eta herriko umeen artean sustatzeko zaletasun polita” izateaz gain, gehienentzat jarduera eskuragarria dela dio alkateak, eta udalerriko kirol egutegi herrikoian sendotu gurako dutela dio alkateak.
Arratsaldean, berriz, Kantu Koloreren emanaldiaz gozatzeko aukera edukiko dute gaztetxoenek frontoian, eta ikuskizuneko dantza eta musikagaz gozatu ahalko dute.
Domekan, pilota partiduek hartuko dute protagonismoa, 17:00etatik aurrera. Emakumezkoen pala partidua egongo da lehenengo, izan ere, Bidasolok eta Anituak Martinez eta Arrizabalaga izango dituzte aurrez aurre. Ondoren, gizonezkoen txanda izango da: Agirrek eta Iztuetak Larrazabal eta Salaverri II.aren aurka jokatuko dute esku pilota partidua.
Egitaraua
Urtarrilak 26, bihar.
12:00. Meza santua.
Ostean. Artie dantza taldeko umeen dantzaldia eta elizpeko hamaiketakoa trikitixarekin girotua.
Ondoren. Kalejira herriko plazatik.
Urtarrilak 28, zapatua.
11:00. Polikarpo Deuna Herri Krosa parkean.
12:00. Lasterketa.
Dena Kale animazioarekin, trikitixarekin.
18:30. Kantu Kolore “Peru krokodiloa” ikuskizunarekin, frontoian
Urtarrilak 29, domeka.
17:00. Pilota partiduak.