Gernikako Lekuek jaialdiak udaberria loratuko du, martxoaren 17an hasi eta 25era arte
Hamargarren edizioa izango da, eta, ondorioz, "benetako ospakizunak eta jaiak" girotuko du udalerria. Ramon Zabalegi irundarrak egin du edizio berriaren kartela. Dagoeneko bonoak salgai jarri dituzte.
Badator, hamargarrenez, Lekuek Jaialdia, neguari agur esan eta udaberriari musikaz ondo etorria ematera. Martxoaren 17an hasi eta 25era arte iraungo du txikitasunean handia den musika jaialdiak, eta, ohi legez, Gernika-Lumoko hainbat leku musikaz beteko ditu. Hamargarren urtea izanik, “benetako ospakizunak eta jaiak” girotuko du aurtengo edizioa.
Gaur gaurkoz, hainbat kontzertu baieztatu dituzte: Kiko Veneno, Dennis Alcapone, Lady Banana, Pelomono, Wormed eta Olaia Inziarte. Horiek eta beste asko izango dira bolondresen lanari esker herritarrek sortutako jaialdiaren oinarria.
Zaletasunetik abiatzen den jaialdia da Lekuek, behetik gorakoa, era parte hartzailean landutakoa, irekia, elkarlanean oinarritzen dena eta autentikoa. Musikazaleen bultzadari esker egiten dute, eta Gernikako bilgune ezberdinen ekarpena azpimarratzekoa da. Astra, Iparragirre Rock Elkartea eta Kult Parnasoa dira jaialdiaren ardatz eta bultzatzaile nagusiak, baina gehiago ere badira Lekuek egiten dutenak: Lizeo Antzokia edota Zine Kluba, kasu.
Udalerriko elkargune ezberdinetan sormen handiko adierazpen eta interes artistikoei lekua egitea izan da beti jaialdiaren helburua, eta aurten ere asmo beragaz bueltatu dira. Hori horrela, kontzertu, hitzaldi, disko eta arte azoka, dj-ak, tailerrak, erakusketak eta beste jarduera gehiago baieztatzeko zain daudela diote antolatzaileek. Jakinarazi dute apurka-apurka joango direla horien berri ematen.
Momentuz, baina, Ramon Zabalegi irundarrak egindako edizio berri honen kartela aurkeztu dute. “Urtero artista ezberdin batek diseinatzen du kartela, eta aurten Ramon Zabalegiren txanda izan da, baita Mauriziarena ere”, diote Lekuek jaialdiaren antolatzaileek. Zabalegik sare sozialetan zabaldu duenaren arabera, “zerbait berezia” egin gura zuen: “Jaiotzez ez, baina bizipenez hura etxea baita niretzako”.
Sarrerak salgai.
Dagoeneko salgai jarri dituzte Lekuekeko bonoak, formatu fisiko zein digitalean. Hala, jaialdira bertaratu gura dutenek www.gernikakolekuek.com webgunean eta https://my.weezevent.com/lekuek-bonoa estekan sarrerak eros ditzake.
Zehaztu dutenez, Kiko Venenok Lizeoan emango duen kontzerturako sarrerak aparte erosi beharko dira, kultur etxeko webgunean, 15 eurotan; 12 euroko kostua izango du bazkideentzat.