Bolibartik Gernikara, mendiz mendi
Goi Zale Mendi taldeak Bolibar eta Gernika arteko tartea oinez egiteko mendi irteera antolatu du. Bihar, eguean, izango da izena emateko azken eguna.
Asteburuan mendi irteera egingo dute Ziortza-Bolibar eta Gernika-Lumo bitartean. Goi Zale Mendi Taldeak antolatuta, Bolibartik Gernikarainoko tartea mendiz mendi egingo dute, datorren domekan. 08:00etan abiatuko dute eguna, Gernikako autobus geltokian. Bertan, elkartu egingo dira, eta Bolibarrerainoko bidea autobusez egingo dute. Behin hara iritsita, 25 kilometroko mendi ibilbideari ekingo diote. Bolibartik Ziortzara igoko dira; Oiz mendiaren magaletik, Albiz auzora bertaratuko dira, eta, Kanpantxutik, Gernikara ailegatuko dira.
Bihar, hilaren 26a, izango da izena emateko azkenengo eguna. Izena ematea, hain zuzen ere, doakoa da, eta 946258378 edota 639646723 telefono zenbakietara deituta egin daiteke.