18 urteko konpromisoa turismo kalitateagaz
Gernika-Lumoko Turismo Bulegoak Q ziurtagiria jaso du, beste behin. Hain zuzen ere, 10etik 9,4ko puntuazioa eman diote Turismo Bulegoaren kalitateari, segurtasunari eta iraunkortasunari.
Gernika-Lumoko Turismo Bulegoak Q ziurtagiria jaso du, beste behin. 11 euskal enpresa saritu dituzte aurten Madrilgo Cibeles Jauregiko Kristalezko Galerian antolatutako Q gauean, tartean udalerrikoa, eta Iñigo Magunagoikoetxea Tokiko Garapen, Merkataritza eta Turismo saileko zinegotziak jaso du aitortza; hain zuzen ere, Reyes Maroto Illera Espainiako Goberniko Industria, Merkataritza eta Turismo Ministroaren eta Miguel Mirones ICTEko zuzendari nagusiaren eskutik hartu du ziurtagiria.
Zehaztu dute zigilu hori lortu dela Turismo Bulegoen kalitateari buruzko UNE-ISO 1485/2015 araua betetzen dela egiaztatzen duen auditoretza gainditu ondoren. Hain zuzen ere, 10etik 9,4ko puntuazioa eman diote Turismo Bulegoaren kalitateari, segurtasunari eta iraunkortasunari.
Gogoratu dutenez, Gernika-Lumoko Turismo Bulegoa 2005 urteaz geroztik ari da turismo kalitatean lanean; izan ere, Q ziurtagiria lortu zuen Bizkai, Arabako eta Gipuzkoako lehen hiru bulegoetako bat izan zen. “Turismo erakundeentzako berariazko kalitatea ziurtatzeko lehen sistema da ziurtagiria, eta Gernika-Lumok egiten duen lana egiaztatzen du, bisitariei eta herritarrei kalitate goreneko zerbitzua emateko asmoz”, adierazi du Magunagoikoetxeak.
Aintzatespen horri, gainera, Turismo Bulegoak iaz lortutako Kudeaketa Aurreratuaren Brontzezko A aintzatespena gehitu behar zaiola diote. Eusko Jaurlaritzak aintzat hartzen ditu EUSKALITen kanpo ebaluazioko zerbitzua jasotzen duten erakundeak eta kudeaketa aurreratua osatzen duten elementuak garatzeko konpromisoa erakusten duen aitortza da hori.