Kontseilu Sozialistak salatu du Gernikako zentro sozialista hustu gura duela Kutxabankek
Kontseilu Sozialistako kideek Kutxabanken jarrera salatu dute eta Zentro Sozialistaren defentsan berretsi dira, banku entitateari salaketa bertan behera uzteko exijituz eta eurekin batzeko deia eginez.
Busturialdeko Kontseilu Sozialistak jakinarazi du Gernika-Lumoko Zentro Sozialista hustu gura duela Kutxabanekek. Iazko apirilean “okupatu” zuten hamar urtez zarratuta egon zen espazioa, Kutxabankek jabetzakoa, baina Kutxabankek salaketa bat aurkeztu eta martxan du espazioaren huste prozesua.
Kontseilu Sozialistako kideek Kutxabanken jarrera salatu dute eta Zentro Sozialistaren defentsan berretsi dira, banku entitateari salaketa bertan behera uzteko exijituz eta eurekin batzeko deia eginez. “Gu bankuarekin harremanetan jarri arren, ez dugu erantzunik jaso”, diote, eta ez da elkarrizketarako bide formalik zabaldu.
Zentroa husteko prozesuaren aurrean Gernika-Lumoko Udalaren “jarrera konplizea” ere salatu dute Busturialdeko Kontseilu Sozialistakoek. Zentroa zabaldu zutenetik udalak jarritako “traba burokratikoak eta mehatxuak etengabeak” izan direla diote: “Apirilean zabaldu genuen 10 urtez hutsik egon den zentroa, eta zentro sozialista bihurtu genuen, lan lerro ezberdinen bitartez langile klasearen beharrari erantzun eta antolakuntza sustatzeko helburuagaz. Zabaldu zen momentututik etengabekoak izan dira oztopoak. Gainera, jazarpen polizialaren ondorioz, bertan presentzia edukitzea ezinezkoa bihurtu da”.
Kontseilu Sozialistako kideek protesta bat egin zuten atzo Kutxabankeko Gernikako egoitzaren aurrean, Zentro Sozialista hustu gura dutela salatzeko, eta protestan parte hartzen ari zen pertsona bat identifikatu dute poliziek.
Zentroaren garrantzia.
Zentro Sozialisten “garrantzia eta beharra” azpimarratu dute Kontseilu Sozialistakoek. “Krisi kapitalista nabarmentzen ari den garaian, langileriarentzat miseria eta ogi apurrak dira bermaturik dauden gauza bakarra”, nabarmendu dute.
Egoera horretan, proletargoaren “bizi baldintzak” borrokatu eta antolakuntzarako baldintzak sortzea “beharrezkoa” dela diote: “Horretarako, ezinbestekoak dira zentro sozialistak. Espazioen gaineko kontrol burgesaren aurrean proletargoaren antolakuntza independientea sustatu behar dugu, eta, horretarako, antolakuntza komunistarako garapen politikorako espazioak defendatu eta bultzatu behar ditugu”.