Itxita dago Maier eta Kanpantxu lotzen dituen herri bidea
Arabietatik Kanpantxuko herrigunerainoko herri bidea "ahalik eta arinen" konpondu gura du Ajangizko Udalak.
Joan den asteko euriteen ondorioz, Maier eta Kanpantxu lotzen dituen Arabietatik Kanpantxuko herrigunerainoko herri bidean arrakala handia agertu zen, eta, ondorioz, “zorua egonkortu bitartean” zarratuta dago bide tartea.
Koldo Carbonell herriko alkateak dio bidearen egonkortze lanekin “ahalik eta arinen” hasi gura dutela, arrakala handitu ez dadin. “Herri bide hori ahalik eta arinen egonkortu behar da, arrakala handiagoa egin ez dadin. Izan ere, denboraren ondorioz, eta euriteen ondorioz, bidea asko hondoratu da, eta gero eta handiagoa da tartea”, adierazi du alkateak.
Saneamendu lanen eragina. Euriteekin batera agertu zen arrakala, baina URA Maier inguruan egiten ari den sanemanedu lanak “eragin zuzena” eduki duela dio alkateak. Ondorioz, lanekin hasi aurretik, txosten teknikoa prestatzen ari dira.
Hala ere, ardura zeinena den erabakitzen hasi beharrean, udalak hartuko du bidea konpontzeko ardura, bide hori itxita egoteak Kanpantxuko bizilagunengan eragin zuzena duelako. “Gero egingo ditugu egin beharreko administrazio kontuak. Izan ere, ardura norena den erabakitzen hasiz gero, luze joango da bidearen konponketa, eta herritarrei bide hori erabiltzeko aukera ahalik eta arinen eskaini behar diegu”, dio Carbonellek.
Bitartean, Kanpantxuko herritarrek Zubialdeko bidea hartu beharko dutela jakinarazi du alkateak.