Pello Bilbaok irabazi du Tour Down Underreko hirugarren etapa
Australiako itzuliko sailkapen orokorrean bigarren postuan dago Bahrain Victorius taldeko txirrindularia, liderra den Vinerengandik hamabost segundora.
Pello Bilbao gailendu da Santos Tour Down Underreko hirugarren etapan, Jay Vineri eta Simon Yates-i sprintean irabazita. Ondorioz, Australiako itzuliko sailkapen orokorrean bigarren postuan dago Bahrain Victorius taldeko txirrindularia, liderra den Vinerengandik hamabost segundora; hirugarrena da Yates, Vinerengandik hamasei segundora.
Helmugatik sei kilometrotara zegoen Corkscrew mendateko aldapa laburra baina zorrotza erabakigarria izan da gaur etapa garaipenerako. Vinek igoeraren zatirik malkartsuenean erasotu du eta Yatesek bakarrik jarraitu ahal izan dio. Hala ere, mendatearen gailurrera iritsi aurretik harrapatu ditu gernikarrak, eta Campbelltowngo jaitsieraren ostean, etapa garaipena lortzeko ondo kokatu ostean, azken metroetan gainditu ditu Yates eta Vine.
“Atzo apur bat atsekabetuta geunden. Lasterketa ez zen espero genuen bezala atera, eta segundo batzuk galdu genituen helmugan. Gaur egun ona izan da niretzat, aldapa lehergarri baten ostean jaitsiera azkarra izan dugulako, helmugara artekoa. Lehenago, baina, razoak izan ditut Yates eta Vinerekin elkartzeko, baina ahaleginak egin ostean, eurekin elkartzea lortu dut igoerako azken 300 metroetan, eta banekien aukera izango nuela. Eurek sailkapen orokorra bilatu dute, eta ni sprintean onena egiten eta irabazten ahalegindu naiz”, adierazi du txirrindulariak helmugaratu ostean.
Bilbao's fast finish sees him take the Hahn Stage 3 win, how good!! 🙌🚀#TourDownUnder @SantosLtd @PelloBilbao1990 @BHRVictorious pic.twitter.com/EcxTSr6EJA
— Santos Tour Down Under 🚴🚴♀️ (@tourdownunder) January 20, 2023