Asier Villalibrek 2025era arte berritu du kontratua Athleticegaz
Gernika-Lumoko aurrelariak bost hilabete barrura arteko kontratua zeukan talde zuri gorriagaz eta beste bi urtetarako berritu du.
2025eko ekainaren 30era bitartean Athleticen jarraituko du Asier Villalibrek; izan ere, ordura arteko kontratua sinatu du gaur goizean San Mamesen, Jon Uriarte presidentea eta Mikel Gonzalez Futboleko zuzendari nagusia bertan zirela. Gernika-Lumoko aurrelariak bost hilabete barrura arteko kontratua zeukan talde zuri gorriagaz eta beste bi urtetarako berritu du gaur.
Villalibre “pozik” dago kontratua luzatzeagatik: “Berritzea pozgarria da, eta Athletic Cluben bada, are gehiago. Nire bizitzako taldea da, txikitatik gozatu dut, eta harrotasunez betetzen nau nire kontratua bertan luzatu ahal izateak”. Gehitu du klubak beragan konfiantza duela eta berak ere taldean sinesten duela. “Dagoeneko urte batzuk dira hemen, momentu oso onekin eta beste momentu ez hain onekin, baina klubak nigan duen konfiantza sentitzen dut. Nik ere neure buruagan eta Athleticengan sinesten dut, eta hori da garrantzitsuena”, adierazi du aurrelari gernikarrak.
103 partida jokatu ditu lehen taldean, eta 13 gol sartu ditu. Horien artean nabarmentzekoa da duela bi denboraldi jokatu zuen Superkopako finalaren luzapena eragin zuena. Luzapenean irabazi zuen Athleticek bere azken titulua, FC Barcelonari 3-2 irabazi ostean. Gol horiez gain, Bilbao Athleticen 38 sartu ditu Villalibrek.
Hastapenak.
2016/2017 denboraldian debutatu zuen lehen mailako taldeagaz gernikarrak. Aurretik, baina, Lezamako harrobian aritutakoa da; izan ere, 2011/12 denboraldian sartu zen Kadete B taldean, eta ordutik Bilboko taldean jokatu du. Numantzia, Real Valladolid eta Lorca taldeetan ere aritu da –Bilbao Athletic-eko kontratuagaz–, eta kanpoan egin zituen urte horietan asko ikasi zuen.