Erreminta gida: krisi klimatikoari aurre egiteko eta energia aurrezteko laguntza sorta
Energiaren Euskal Erakundeak eta Ihobek 'Erreminta gida' programa ezagutzera eman dute gaur Gernika-Lumon, tokiko administrazioek jasangarritasunaren arloa lantzeko gomendioak batzen dituen laguntza sorta, baita teknikariak kontratatzeko laguntzak barneratzen dituena ere.
Energiaren, klima aldaketaren eta jasangarritasunaren arloan ekimen berriak garatu ahal izateko laguntza programa aurkeztu diete Energiaren Euskal Erakundeak eta Ihobek Busturialdeko eta Lea-Artibaiko tokiko administrazioei Gernika-Lumoko kultur etxean: Erreminta gida.
Jardunaldian Busturialdeko eta Lea-Artibaiko alkate, zinegotzi, mankomunitateetako kide eta teknikariak egon dira. Eta, horiek guztiek, 19a nonahi dago, seinale bat ote? kanpainagaz bat egin dute, hau da, berogailuen gehieneko tenperatura 19 gradutara mugatuz energia aurreztu nahi duen kanpainagaz.
2030 urterako tokiko administrazioek euren kontsumoak %35 murrizteko eta energia berriztagarriak %32 izatea lortzeko erronka dute. Hain zuzen ere, gaur aurkeztutako laguntzen xedea toki administrazioei helburu horiek lortzen laguntzea dela dio Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusiak.
Zehaztu duenez, Erreminta gidaren helburua da toki administrazioei energia eta klimaren arloko trantsizioarekin lotutako jardueretan laguntzeko proiektu bat diseinatzea, abiaraztea eta egikaritzea, “gaitasunen sorketan, euskarri teknikoan, laguntzetan eta aitorpenean oinarrituta dagoena”. Eemu horretan eskuragarri dauden baliabideen erabilera zabaltzen laguntzen duen eta tresna eta zerbitzuen berri ematen duen gida da gaur aurkeztu dutena.
Udalerri eta eskualdeetarako ibilbide orria zehazten du gidak, energia eta klimaren arloko politikak aplikatzea errazteko eta toki erakundeek arlo horretan duten konpromisoa agerian uzteko.
Bizkai, Araba eta Gipuzkoako toki administazio guztiak energia eraginkortasunaren hobekuntzan eta klima aldaketaren aurkako ekintzan “inplikatuta” dauden arren, Lea-Artibai eta Busturialdea eskualdeetan natura intereseko hainbat leku daudela dio Ansolak, hala nola, Urdaibai edo Leako arroa, eta horietan ere jarduera ekonomikoa, soziala eta kulturala bateratu behar direla uste du. “Helburu horiek lortzeko eragile guztiengana jo behar genuen, eta abagune handia geneukan herri txiki zein handietan. Nahiz eta laguntzeko erramintak izan, ikusten genuen ez ginela behar bezala heltzen udalerri denetara, eta horretarako gaude gaur hemen. Gure asmoa da diru laguntza lerro ezberdin asko ditugula ikusaraztea, baita zuengandik hurbil eta laguntzeko prest gaudela ikusaraztea ere. Udalerri horientzat Erreminta gidak eskaintzen duen laguntza sorta bereziki interesgarria izan daiteke”, gainera du EEEko zuzendariak.
Bestalde, Mari Mar Alonso Ihoberen Ekintza Klimatikoaren arloko arduradunak gogora ekarri du tokiko eragileak “funtsezkoak” direla etorkizunean energia kontsumoa zehaztuko duten oinarrizko gaietan, baita hiri ereduen definizioan edo mugikortasuna zelakoa izango den zehazteko momentuan ere. “Guretzako udalerrietatik gertu egotea ezinbestekoa da, ez bakarrik eurei laguntzeko, baita helburuak lortzeko ere”, adierazi du.
Alonsok gaineratu du helburuak betetzeko elkarlanean jardun beharko dutela: “Deskarbonizazioari buruzko helburuak ezin izango ditugu lortu udalen laguntzarik barik. Baditugu tresnak, baina badakigu alderdi teknikoak eta administrazio izapideak konplexuak direla. Ondorioz, denon artean lan egin behar dugu, eta aukerak sortu”.
Ansolaren berbetan, energiaren eraginkortasuna bultzatzeko eta energia berriztagarriak ezartzeko “zeregin” handia dute erakunde publikoek: “Berriztagarriak ezartzeko momentuan zailtasunak izan ditzakegu Bizkai, Araba eta Gipuzkoan, baina proiektu handi asko egin beharrean txiki asko egiteko gai izanez gero, gauza handiak lor ditzakegu denon artean. Horretan, erakunde publikoek zeresan eta zeregin handia dugu”.
Baliabideak.
Hain zuzen ere, ‘Erreminta Gidak’ eskaintzen dituen laguntzen artean, tokiko administrazioetan teknikariak kontratatzeko aukera nabarmendu dute Ansolak eta Alonsok, EEEk eta Ihobek Lanbiderekin eta Novia Salcedo Fundazioarekin lortutako akordioari esker. “Urtebetez, klima aldaketa eta trantsizio energetikorako teknikari berriak kontratatzeko aukera emango du hitzarmen honek, eta, horrela, enplegu berdea, gaztea eta kalitatezkoa bultzatuko dugu”, nabarmendu du EEEko zuzendariak.
Ihobeko ingurumen jasangarritasunaren ordezkariek, gainera, gida horretan bildu dituzten tresnen, zerbitzuen eta diru laguntzen berri eman diete tokiko udal administrazioei, lau lan ildotan banatuta: euskarri teknikoa, gaitasunak sortzea, laguntza programak eta proiekzioa.
Lehen atalean klima aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko tresnak ezagutarazi dituzte. Esaterako, toki erakundeen karbono aztarna kalkulatzeko tresnek instalazioen isuriak kalkulatzeko balio dutela azaldu dute, eta horiek klima aldaketari gehien eragiten dieten alderdietan politikak berriak aplikatzeko erabil daitezkeela gehitu dute. Udalek klima aldaketarekiko duten kalteberatasunaren eta arriskuaren indizeak ere kalkulatzeko tresnak existitzen direla jakinarazi dute, “klima arriskuen ikuspegi bat edukitzea ahalbidetzen dutenak”. Halaber, Kostaegoki edota Irtenbide Naturalak programak martxan dituztela jakinarazi dute.
Bestalde, energia trantsizioaren eta klima aldaketaren erronkei aurre egiteko prest dauden toki administrazioak bultzatu gura dituzte, eta horretarako laguntza teknikariak biltzeko programa abiarazi dute. Gainera, Udalsarea 2030eko jardueretan parte hartzeko aukera dutela udalek adierazi dute, intereseko zenbait gai eremutan ezagutza eta metodologia garatzen dituztelako. “Helburua beti da baliabide komunak eta partekatuak sortzea. Guk jasotako jarduera eta tresna asko sarearen esparruan diseinatu dira, udalerriei eta eskualdeei toki jasangarritasuneko politiketan aurrera egitea ahalbidetzen dietenak”.
Laguntza programetan ere sakondu dute, hau da, proiektu ezberdinak finantzatzeko administrazioek dituzten aukeretan. Besteren artean, ibilgailu elektrikoak bultzatzeko Moves III programa, energia iturri berriztagarrien bidezko autokontsumorako diru laguntzak eta Gauzatu energia programa aipatu dituzte. “Azken hori, esaterako, aurrerakin itzulgarrien bidez –interesik barik–, Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean dauden udaletako instalazio eta eraikin publikoetan mugikortasun jasangarriagoa, energia kontsumoaren efizientzia eta baliabide berriztagarrien aprobetxamendua sustatzeko laguntza programa da”, azaldu dute teknikariek.
Proiekzioari dagokionez, euskal gizartearentzako eredugarriak diren eta udal eta eskualdeko konpromisoaren balioa azpimarratzen duten jarduerak bultzatu gura dituztela jakinaraiz dute. “Erakundeek egindako ahaleginari eta lanari, jardueren eta proiektuen zabalkundeari eta herritarrei eta gizarte eragileei zuzendutako eredugarritasunari balioa ematen dieten zerbitzuak biltzen dira eremu honetan”, esan dute, eta tartean daude Asteklima bezalako proiektuak edota aitortza publikoa egiteko agerraldiak