Hizer Studiorena da Gabonetako erakusleiho onena
Bigarren saria Mai Piuk eskuratu du bigarren urtez jarraian, eta hirugarren erakusleiho onena izan da Kalakena. Epaimahai profesionalaren balorazio onenaz gain, herritarrek ere botoa emateko aukera dute, eta horiek Marlei dendaren erakusleihoa aukeratu dute onenatzat.
Seigarren urtez antolatu dute Gernika-Lumoko Merkatari Elkartuek Gabonetako erakusleiho onenaren lehiaketa, eta, aurten, erakusleiho guztien artean onena izan da Hizer Studiorena; 600 abentura, 600 ilusio izenagaz Gabonetan ilusioa transmititu gura izan dute dendako. Hala, 1.000 euroko saria jaso du dendak.
Erakusleiho lehiaketaren bigarren saria Mai Piuk eskuratu du bigarren urtez jarraian, eta hirugarren erakusleiho onena izan da Kalakena; hurrenez hurren, 600 eta 400 euroko sariak jaso dituzte Gabonetako baso magikoa eta Magia eta ilusioa izeneko erakusleihoek.
Epaimahai profesionalaren balorazio onenaz gain, herritarrek ere botoa emateko aukera dute, eta horiek Marlei dendaren erakusleihoa aukeratu dute onenatzat. Hori horrela, herritarren saria eskuratzeagatik 300 euroko saria jasoko dute dendakoek.
Abenduaren hasieran abiatu zuten lehiaketa, eta 78 establezimenduk eman zuten izena. Horien artean, hamar onenak aukeratu zituzten adituek: Marlei, Optika Argia, Kalak, Lorea Antxia, Bonilla, Urdaibai Experience, Khaleko, Duka, Hizer Studio eta Mai Piu izan ziren izendatuak. 50 euroko bonoa jasoko dute horiek.
Gernikako Merkatari Elkartuek zehaztu dutenez, lehiaketak helburu bat dauka: merkatarien sormena sustatzea eta bezeroentzako erakargarriak izatea. “Merkataritza sarea indartzeko, bazkideen arteko harremanak dinamizatzeko eta merkataritza jarduera aberasgarria sortzeko lehiaketa da”, adierazi dute ordezkariek.