Frantziako Poitierseko unibertsitateko 110 ikaslek Batzarretxea bisitatu dute
Ikasleek Europako sistema parlamentario zaharrenetakoaren historian eta ondarean sakontzeko interesa agertu zuten.
Poitierseko (Frantzia) Sciences Po humanitate eta gizarte zientzien unibertsitateko 110 ikaslek Gernika-Lumoko Batzarretxean izan dira gaur eguerdian, eta euskal politikaren eta kulturaren leku adierazgarrienetako bat ezagutu dute Ana Otadui Batzar Nagusietako presidentearen gidaritzapean.
Akitania Berriko unibertsitateko arduradunak bultzatu zuen bisita, eta ikasleek Europako sistema parlamentario zaharrenetakoaren historian eta ondarean sakontzeko interesa agertu zuten. Izan ere, unibertsitateak “kalitateko” prestakuntza eskaintzen die Frantziako politikan eta diplomazian postu nabarmenak izango dituzten ikasleei.
Jakinarazi dutenez, unibertsitateak bidaia bat antolatzen du urtero inguruetako herrialdeetara, ikasleek hurbileko errealitate politikoak eta sozialak ezagutzeko. Eta, Otaduigaz izandako berbaldiaren ostean, 110 ikasleek “hobeto” ulertu dute Bizkaiko Batzar Nagusien egungo antolamendua, funtzionamendua eta horien eskumenak, baita historian zehar izan dituzten berezitasunak eta euskal politikan izan duten garrantzia ere.