Gura eta ezin: Perfumerias Avenida erraz gailendu zaio Lointek Gernika Bizkaiari
Lointek Gernika Bizkaiak 73-54 galdu du Perfumerias Avenidaren aurkako ligako partidua. Lehen erdian oso lehiakor agertu arren, azken laurden biak fisikoki luze egin zaizkie gernika-lumotarrei.
Lointek Gernika Bizkaiak ezin izan zuen, zapatuan, Perfumerias Avenidagaz, eta 73-54 galdu zuten Salamancako taldearen aurka, Wurzburgen. Lehenengo laurdenean, talde biek beren jokalaririk azpimarragarrienen aldeko apustua egin zuten, eta gernika-lumotarrak oso sendo agertu ziren erreboteetan. Anna Montañanak Sandra Igerabide, edota Sofia Da Silva kantxaratu zituen, Maite Cazorla geldiarazteko. Etxekoek, dena dela, 18-12koa lortu zuten lehen laurdenaren bukaeran.
Itxura guztien kontra, Gernikak ezustekoa eman zion Avenidari bigarren laurdenean, eta partidua irabazteko aukerak zituztela frogatu zuten, besteak beste, Brooque Williamsek segidan poltsikoraturiko zazpi puntuek. Markagailuak, hori bai, berdintasuna erakutsi zuen atsedenaldira joan zirenean: 33-30. Hirugarren eta laugarren laurdenetan, baina, etxekoek urrats bat aurrera egin zuten, eta Lointekek baino maisutasun handiagoz antolatu zituzten jokaldiak; ez zuten asmatu, dena dela, distantzia luzeko jaurtiketetan.
Azken minutuetan, Anna Montañanaren jokalariak noraezean ibili ziren: aukerak zituzten, baina ez ziren gai haiek zukutzeko. Valentziarrak boskoteak aldaketa taktikoak egin arren, ez zen nahikoa izan, eta Avenida 73-54ko markagailuagaz nagusitu zen etxeko ikusleen aurrean.
Aste osoa kanpoan egiteak eta, gainera, Poloniatik Salamancarainoko bidea autobusez egin behar izateak eragin zuzena eduki zuen Lointekeko jokalarien errendimenduan, taldetik azaldu dutenez. Avenida, gainera, Emakumezkoen Endesa Ligako talde sendoenetako bat da. Guztia kontra eduki zuen, beraz, Malosteko taldeak. Azken partiduak ez dira distiratsuak izan Gernika-Lumokoentzat: Enea Gorzow talde poloniarrak EuroCup Women txapelketatik kanporatuta utzi zituen joan den astean, eta Avenidaren kontra porrot latza jaso zuten zapatuan.