Gernika ATko 18 urtez azpiko emakumezkoak, Euskadiko txapeldunorde krosean
Gernika Atletismo Taldeko atletak "bikain" aritu dira Euskadiko Kros Txapelketan. Emakumezkoetan, txapeldunordeak dira 18 urtez azpikoetan eta hirugarrenak 16 urtez azpikoetan. Jone Oar Arteta Euskadiko txapeldunorde izendatu da 20 urtez azpikoen kategorian.
Gernika Atletismo Taldeko atletak “bikain” aritu ziren atzo Ortuellako Las Balsas zirkuituan lehiatu zuten Euskadiko Kros Txapelketan. Taldeka, 18 urtez azpiko emakumeak podiumaren bigarren postura igo ziren, eta 16 urtez azpiko emakumezkoen taldea, berriz, hirugarren sailkatu zen. Gainera, banaka, Jone Oar Arteta Euskadiko txapeldunordea izan zen 20 urtez azpikoen kategorian, eta datorren domekan Ortuellan lehiatuko den Espainiako Kros Txapelketako finalerako zuzeneko txartela lortu du. Proba horretan Jon Zugazaga gernikarra ere egongo da, ziurrenik.
Gernika Atletismoko emakumezkoen taldeak aurreko denboraldia amaitu zuen maila berean ekin dio aurtengo kros denboraldiari, bai bakarka, bai taldeka; izan ere, sailkapeneko lehen postuetan ageri dira denboraldi hasieran ere. Domekan “oso zirkuitu astun eta lokaztuan” lehiatu zuten, euripean, baina eguraldia eta zirkuitua ez ziren oztopo izan euren maila eta prestakuntza “bikaina” erakusteko.
Taldeka, Super Amara (Donostia) taldeak bakarrik gainditu zituen talde gernikarreko atletak. Alluitz de Bilbaok, Diana Ilauk, Nimbe Pampinek, Haizea Gerrikabeitiak, Jone Beaskoetxeak, Irati Zunzunegik, Araitz Bastegietak eta Lur Aiapek osatu zuten taldea. 16 urtetik beherakoetan, berriz, hirugarren sailkatu zen Irati Fernandezek, Haizea Aberasturik, Andere Amunategik eta Olaia Olabarrietak osatutako taldea.
Banaka, Oar Arteta June Sudupe tolosarraren atzetik sailkatu zen. Gernikako taldeko atletak 34 minutu eta sei segundoko denbora behar izan zuen 8 kilometroko lasteketa amaitzeko, irabazleak baino ia minutu bat gehiago. Hirugarren postua Izaro Aranburu durangarrarentzat izan zen.
Gizonezkoetan, Ibon Bilbaok entrenatutako 18 urtez azpiko taldea podiumetik oso gertu geratu zen, laugarren postua lortu baitzuen Mikel Oar Artetak, Peru Enbeitak, Aimar Zugazagak, Aurken Aranguenak, Joan Apraizek, Lur Miñanak, Alec Buchananek eta Aratz Leciagak osatutako taldeak.