Arrizabalagak eta Osesek beren hautagaitza plazaratu dute
Olatz Arrizabalagak eta Uxue Osesek 22-6 irabazi diete Leire Garai eta Andrea Capellani, Bizkaia Torneoko lehen jardunaldian. Bestalde, Arrizabalagak ezin izan du Euskal Ligako partidua jokatu asteburuan, eta Enara Anituak ordezkatu du, Olatz Beitiagaz batera jokatzeko. Partidu hori 22-8 galdu dute Anituak eta Beitiak.
Olatz Arrizabalaga gernika-lumotarrak eta Uxue Osesek hanka onez abiatu dute V. Bizkaia Torneoa. Barikuan Bizkaia Bizkaia pilotalekuan lehiaturiko ligaxkako lehen jardunaldian nagusi agertu ziren Leire Garairen eta Andrea Capellanen kontra, eta 22-6ko markagailuagaz poltsikoratu zuten garaipena.
Norgehiagoka berdintasunagaz hasi zuten, Arrizabalagak eta Osesek ez baitzuten lortu beren tokia frontoian topatzerik. Minutuek aurrera egin ahal, baina, egoera irauli zuten, eta tantoak nagusitasunez egiteari ekin zioten. “Uxue bikain moldatu zen frontoiaren atzeko koadroetan, heltzen zitzaizkion pilotak dominatu egin zituen, eta horrek nik tantoak erosoago borobiltzeko aukerak edukitzea ekarri zuen; oro har, egundoko partidua egin genuela esango nuke”, adierazi du Gernika-Lumokoak.
Aurkariei buruz galdetuta, erakutsi zuten maila baino “aldea hobea” dutela adierazi du Arrizabalagak: “Garaik eta Capellanek, berez, bikote zeharo lehiakorra osatzen dutela uste dut. Dena dela, ez zuten beren egunik distiratsuena eduki”. Horren arrazoia ere argitu du: “Lehen aldia izan zen Garai eta Capellanek elkarregaz jokatzen zutena, horrek dituen zailtasunekin; Uxue eta biok, ostera, sarritan aritu izan gara bikote eta, horrenbestez, askoz hobeto dakigu zelako jokoa komeni zaigun”.
Emaitza eta sentsazioak aintzat hartuta, Arrizabalagak aitortu du gaur-gaurkoz garaipena eskuratzeko hautagai nagusiak eurak direla: “Sasoiko sentitzen gara, eta oso motibatuta gaude; Amaia Aldaik eta Nora Mendizabalek osaturiko bikotearen eta geure artean egongo da txapelketa”. Hain zuzen ere, Aldai eta Mendizabal 22-14 gailendu zitzaizkien Madalen Etxegarai eta Enara Gaminderi. Partidu horretako izar nagusia Aldai izan zen: hamahiru tanto egin zituen. Bizkaia Torneoko hurrengo zita hilaren 27an edukiko du, Zallako frontoian.
Ez du jokatu Euskal Ligan.
Barikuko partiduaren ondoren, Arrizabalagak zapatuan Euskal Ligako binanako lehiaketako partidua jokatzea zeukan aurreikusita, baina azken orduan huts egin behar izan zuen, ikasketa arrazoiak tarteko. Lea Ibarreko taldekideagaz, Olatz Beitia lekeitiarragaz, jokatu behar zuen, Aldairen eta Gaminderen aurka.
Azkenean, promozioko pilotari batek bete zuen gernika-lumotarraren hutsunea: Enara Anituak. Aldai eta Gaminde, baina, nagusi izan ziren, eta 22-8 irabazi zuten. Arrizabalagak porrot hori, nolabait, “espero zuela” adierazi du: “Anitua pilotari gaztea da, palatik datorrena, eta eskarmentua falta zaio; bere jomuga bakarra, mailako bikote baten kontra, ikastea eta gozatzea zen, eta esango nuke nahikoa egin zuela”. Aste honetan jakingo dute Arrizabalagak eta Beitiak Euskal Ligako hurrengo partidua noiz eta noren kontra jokatuko duten.