Mailako partidua, mailako aurkariaren kontra
Katillotxu Urdaibaik 38-28ko markagailuagaz galdu du Bizkaiko eskubaloi Txapelketako play-offetako finalaurrekoa, Urdanetaren kontra. MuskizAzulen aurkako partidua, hirugarren eta laugarren postuak zehaztekoa, ostera, 24-35 irabazi dute. Beraz, Euskal Ligarkao play-offak jokatu ahalko dituzte.
Kadete mailako emakumezkoen Bizkaiko eskubaloi Txapelketako play-offak lehiatzen ari dira asteburuan, Mundakako Isla Kale kiroldegian. Bizkaiko talderik onena nor den jakiteko lehia abian da, baina baita Bizkai mailako lehiaketatik Euskal Ligara jauzia zeinek egingo erabakitzekoa ere; txapelketak asteburu osoko egitaraua eduki du, zapatuan eta domekan egin baitute. Urdanetaren kontra galduta baina Muskiz Azulen aurka irabazita, Katillotxu Urdaibaik Euskal Ligarako play-offak lehiatzeko aukera edukiko du.
11:00etan hasi zen Isla Kaleko kantxan eskubaloi festa, estreinako finalaurrekoagaz. Ordurako, baina, giro ederra egon zen kiroldegian zein kiroldegiaren aurrealdean. Izan ere, Urdaibai Eskubaloi Taldeko lantaldeak pintxoak banatu zituen goiz eta eguerdi osoan zehar; lehia orduko, aldarte atsegina, lagunkoia eta hurrekoa nabarmendu zen. Izan ere, antolatzaileek aipatu legez, lehiaketaren gainetik gazteen eta, bereziki, emakumezkoen kirola sustatzea da konpetizioaren helburu nagusia. Lehenengo norgehiagokan, San Adrian Horia taldeak aurreikuspen guztiak bete zituen, eta erosotasun handiaz gailendu zitzaion Muskiz Azul taldeari. Ikusleen artean arreta deitu zuen San Adrianen defentsa lerro zurrun eta antolatuak, baina, batez ere, bere atezainak: lehen zatian, gol bi baino ez ditu jaso, eta egundoko maila erakutsi zuen.
Etxekoen txanda. Partidu arteko atsedenaldiaren ondoren, eguneko une gailurra ailegatu zen: etxeko taldeak, Katillotxu Urdaibaik, Urdanetaren kontra jokatu zuen bigarren finalaurrekoa, 13:00etan hasita. Harmailak bero-bero azaldu ziren estreinako txirrinetik, eta tentsioa begibistakoa izan zen. Urdaneta zen hasieran garaipena poltsikoratzeko hautagai nagusia, baina Katillotxu Urdaibaik dezente zaildu zion partiduan kontrola hartzea eta interesatzen zitzaien erritmoa ezartzea. Bigarren zatian, aldiz, Urdanetakoak koska bat igo zuten norgehiagokaren maila, eta Urdaibairi asko kostatu zitzaion loiutarrei aurpegia erakustea.
Aldea uneoro hamar punturen inguruan egon arren, etxekoek ezin izan zioten aurre egin muga psikologiko horri eta, azkenean, 38-28ko markagailuagaz galdu zuten finalerdiko partidua. Porrota porrot, Katillotxu Urdaibaiko lantaldea “benetan pozarren” agertu zen egindako partiduagaz: “Une batean ere ez ginen partiduaren intentsitatetik atera, eta ahal izan genuen dena egin genuen, maila handiko aurkariaren kontra. Gakoa bigarren zatiaren hasieran egon zen: lehen zatia bost puntuko aldeagaz amaitu genuen, baina bigarrenaren hasieran ez genuen elkar ulertu, eta markagailuan ihes egin ziguten”.
Finalaurrekoaren balorazio “oso positiboa” eginda, Katillotxu Urdaibaik domekan, 11:00etan, hirugarren eta laugarren postuak zehazteko partidua jokatu zuen Muskiz Azul taldearen aurka. Domekan, hegaleko jokalariak kantxaren erdigunerantz sartu zituzten, eta kontraerasoetan min handia egin zieten muskiztarrei. Euskal Ligako play-offa izaki, etxekoei Muskizen kontrako garaipenak baino ez zien balio. Esan eta egin: etxekoen aurrean maila handia erakutsi zuten, eta 24-35 irabazi zuten. Hasieran “urduri samar” agertu zirela azaldu dute taldetik, baina, minutuek aurrera egin ahala, “segurtasunean gora” egin zuten. Txapelketan hirugarren postua lortuta, Euskal Ligarako play-offetara sailkatu dira mundakarrak. Urdanetaren eta San Adrian Horiaren artekoan, ostera, lehenengoak nagusitu ziren; loiutarrak “nagusi” agertu zirela adierazi dute Katillotxu Urdaibai taldekoek, “partidu berdindua” izan zen arren: “24-18 irabazi zuen Urdanetak, eta hautagai nagusiak zirela frogatu zuten; dena dela, San Adrian Horiak ez zituen gauzak erraz utzi, eta maila handian agertu ziren”.
Katillotxu Urdaibaiko jokalariek “oso nekatuta baina motibatuta” amaitu dute asteburua, eta jadanik Euskal Ligarako play-offei begira daude: “Gaur jakingo dugu geure aurkaria eta partiduaren data nahiz tokia zeintzuk izango diren. Edozein talderen kontra jokatura ere, geure mailarik onena emango dugu, sasoi-puntu oso onean gaudelako”.